Nafarroako ezkerreko alderdi eta sindikatuen gehiengoak monarkiaren kontra eta herrien erabakitze eskubidearen alde manifestazioa deitu du Iruñean, larunbatean 18:00etan. Europako bozetan Espainiako alderdi-bitasunaren “porrota”rekin lotu dute Juan Carlos I.aren abdikazioa.
Espainiako Erregearen irudia, alderdi-bitasunaren beherakada eta egungo egoera ekonomiko eta soziala aipatu dituzte “aldaketa operazioaren” osagai nagusi.
Herritarren erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta eta aste osoan izandako mobilizazioek edukitako erantzuna ikusirik, testu eta lema berdina adostera iritsi dira.
Idatzian, besteren artean, salatu dute enpresa handiek eta eliza katolikoak etorkizuneko Espainiako erregeari eman dioten babesa, baita Espainiako alderdi-bitasunean parte hartzen dutenek erakutsi duten kolaboratzeko jarrera ere.
Deialdiaren antolatzaileen ustez, monarkiaren aldekoak ez daude seguru datozen udal hauteskundeen eta hauteskunde orokorren ondoren Ondorengotza Legea onartu ahal izango duten europarretako emaitzak ikusirik, eta horrek bultzatutako jarrera dela abdikazioarena.
Hainbat dira deialdira lotu direnak: EH Bildu, IU, Batzarre, PCE-EPK, Geroa Bai, Podemos-Ahal dugu, Ezker Antikapitalista, Ezkerreko Junta Errepublikarra alderdiak, LAB, ELA, STEE-EILAS, ESK, Solidari, CGT eta CCOO sindikatuak, eta Ernai, Eraldatu, Gazte Komunistak, Ikasle Abertzaleak, Nafarroako Duintasun Martxak, Langabezian dauden eta Prekario diren pertsonen elkartea, Emakumeen Mugimendu Demokratikoa, Emakume Progresistak eta PSNko gazte sozialistak.
Ikusi deialdia egiteko ekitaldia jasotzen duen Ahotsa.inforen bideoa: