argia.eus
INPRIMATU
Monarkia errepublikanoa
  • Emmanuel Macron presidentearen aldeko diputatuek berarekiko leialtasun adierazpena izenpetu behar izan dute alderdiaren babesa lortzeko. Baldintza horietan Exekutiboaren aurrean kontra-botere funtzioa nekez bete lezake Asanblada Nazionalak

Jakes Bortayrou 2017ko ekainaren 29a

Sorpresaz beteriko frantses ziklo elektoralak aspaldiko panorama instituzionala hankaz gora utzi du. Hauteskunde presidentzialen ondoren, Macron-zaletasun uhin azkarra altxatu da. Komunikazio plangintza eraginkorra garatu du presidente berriak, Frantziaren “handitasuna” eta bere autoritatea islatzen ahal zituzten ekintzak hautatuz. Hilabete batez hedabide handiek haren deklarazio, keinu eta ekimen guztiak laudatu dituzte, Emmanuel Macronen gaztetasuna, berritasuna eta ausardia azpimarratuz. Hauteskunde kanpaina merkea bezain emankorra.

Emmanuel Macron presidentearen aldeko diputatuek berarekiko leialtasun adierazpena izenpetu behar izan dute alderdiaren babesa lortzeko. Baldintza horietan Exekutiboaren aurrean kontra-botere funtzioa nekez bete lezake Asanblada Nazionalak

Ondorioz, presidentearen mugimenduko hautagaien aldeko boz kopuruak biderkatu dira, nornahi aurkezturik ere. Gainerateko indar politikoenak aldiz, mugatuak egon edota azkarki tipitu dira. Aldi berean, abstentzioak, boto zuri eta baliogabekoek marka guztiak hautsi dituzte, hautesleen mesfidantza agerian utziz. Legegileen bigarren itzuliko botoen %49rekin, hautesleriaren %18 soilik, Macronen aldekoek aulkien %60 irabazi dute. Legitimitate instituzionala dute dudarik gabe, baina legitimitate sozial eskasa. Oposizioak berriz zafraldia bildu du, baina emaitzaz harago, beste ondorio arrunt berria gertatzen ari da Asanblada Nazionalean. Orain arteko eskuin eta ezker polarizazioarekin, alderdi bakoitzak arazorik gabe kokatzen zen gehiengoan ala gobernamenduarekiko oposizioan. Macronen eskaintza zentristarekin eta gobernuan parte hartzera konbentzitu dituen ezker nahiz eskuineko politikarien laguntzarekin, areagotzen dira indar politiko hurbilen barneko kontradikzioak eta zatiketak. Eskuineko diputatu blokea bi taldetan lehertu da eta sozialistek neke handiz atxikiko dute kohesio politikoa. Hots, aulkietan galtzaile izateaz gain, V. Errepublikako bizitza politikoa aspaldidanik egituratu zuten bi indarrak desagertzeko arriskuan gelditu dira.

Bitartean, Macronen aldeko diputatu gehienak aurpegi berriak dira, gazteagoak eta gizonak baino emazte gehiago dira. Goi-mailako sektore sozialekoak dira eta populazioa baino, “irabazten duen Frantzia” irudikatzen dute. Bakoitzak presidentearekiko leialtasun adierazpena izenpetu behar izan du alderdiaren babesa lortzeko. Baldintza horietan Exekutiboaren aurrean kontra-botere funtzioa nekez bete lezake Asanbladak. Arriskutsua ikusten dute batzuek, karrika geldituko baita oposizioa adierazteko leku nagusia. Hain zuzen, udan bertan MEDEF Frantziako Enpresen Mugimenduaren aldarrikapena den lan kodigoaren murrizketa, 2016an kontrako mugimendu sozial azkarra piztu zuen lan legea XXL formatuan so egileek diotenez, ordenantzen bitartez, hots, Legebiltzarreko filtrorik gabe, pasarazi nahi du Gobernuak. Gazte, berri, ausart baina betiko politika zaharren zerbitzuko.