argia.eus
INPRIMATU
Monarkia ala errepublika? Inkesta egin nahi dute Espainiako hedabide independente ugarik
  • Espainiako errege etxeari buruz herritarrak galdekatzeari behin eta berriz egin dio uko CIS Ikerketa Zentroak. Horregatik, hamasei hedabide elkartu dira, eginkizun hori helburu: jendeak monarkia ala errepublika nahiago duen galdetu nahi dute erkidegoz erkidego, gaiaz inoiz egin den inkestarik handienean.

ARGIA @argia 2020ko irailaren 08a

Espainiako errege etxeak ustelkeria eskandalu bat bestearen atzetik bizi duen garaiotan, “ikerketa soziologiko zehatz, zientifiko eta objektiboa” jarri nahi dute martxan Hedabide Independenteen Plataformako kideek (Alternativas económicas, Carne Cruda, Catalunya Plural, Critic, CTXT, Cuartopoder, El Salto, La Marea, La Voz del Sur, Luzes, Mongolia, Norte, Nueva Tribuna, Pikara, Praza, Público).

Erreferenduma egin behar da?

Hala nola, herritarrei iritzia galdetu nahi diete errege etxearen, Felipe VI.aren eta Carlos I.aren inguruan, baita ustelkeria kasuez eta monarkia ala errepublikaren artean aukeratzeko erreferendum baten beharraz ere.

Marga Torre, Quique Hernández eta Antoni Moragas soziologo eta ikerlariek diseinatu dute inkesta eta halako zereginetan esperientzia duen enpresa bati eskainiko zaio lana. 3.000 elkarrizketa egin nahi dituzte (CISek erabili ohi duen kopurua), hainbat galdera monografikorekin.

Inkesta egin ahal izateko, diru-bilketa abiatu dute Interneten. Gutxienez 27.000 euro behar dituzte eta nahi den ekarpen ekonomikoa egin daiteke, 5 eurotik hasita.