argia.eus
INPRIMATU
Momentum: masa mugimendu bat laborismo britainiarra errotik aldatzeko
  • Jeremy Corbyn Britainia Handiko laboristen lider hautatu dutenetik Europako ezkerreko begi guztiak berari begira jarri dira. Elite ekonomikoen aurkako talkan esperantzak azkar desagertzeko joera du ordea, oinarrizko lanik ez badago. Zeregin horretarako Momentum sortu dute, laborismo berriari laguntzeko mugimendua.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2015eko urriaren 09a
Jeremy Corbynen aldeko kanpaina mugimendu egonkor bihurtu nahi du orain Momentum-ek.

Corbyn aukeratzeko kanpainan aritutako jendetik abiatuta, mugimendu egonkorra sortzea da xedea.

Clive Lewisek esplikatu du horrelako zerbaiten premia, New Statesmanen publikatu duen artikuluan. “Ez ibili ameskerietan, boteretsuek, esplotatzaileek, gehiegi aberastu direnek ez dituzte euren kolpeak arinduko. Haien kontra egiteagatik, bai Jeremyk bai alderdi laboristak parerik gabeko erasoari egin beharko diote aurre”.

Aldaketarako nahia sustatzea xede

Momentumek nola funtzionatuko duen ere iragarri du: herriz herri antolatuko da, mugimendu jendetsua izan nahi du “benetako aldaketa aurrerakoiarentzat”.

Alderdi laboristako kideekin orpoz orpo lan egiteko bokazioa dauka mugimendu berriak, alderdiaren metamorfosia bultzatzeko. Lewisen arabera, hauteskunde orokorretarako programa egokia izango duen partidua izatetik harago joan nahi dute, programa hori gobernuan indarrean jartzeko “nahi kolektiboa” sustatzea du xede.

Alderdiaren monopoliorik ez

“Baina ulertzen dugu politika aldatu dela eta aldatzen ari dela”, jarraitzen du Lewisen artikuluak. “Goitik beherako aginteak eta kontrolak eta atzoko egitura politiko monolitikoak azkar desagertzen ari dira. Gaur egungo ekosistema politikoa zabala eta askotarikoa da. Alderdiak etorkizuneko aldaketa politikoan garrantzizko lidertza izan dezakeen arren, ulertu behar du ez daukala monopoliorik sortutako interesen kontra”.

Informazio gehiago:

"Corbynismoa" ezagutzeko sei gakoak: Jeremy Corbyn laboristen lider izendatu ostean publikatutako analisia.