ETAren armak eta lehergaiak garraiatzea leporatzen diete Beatrice Molle-Haran eta Jean-Noël Etcheverry 'Txetx’ bakegileei, 2016ko Luhusoko operazioaren harira. ETAren armagabetzea gauzatzen ari ziren. Egindakoaz harro dagoela eta berriz ere egingo lukeela adierazi du Etcheverryk.
Apirilaren 2 eta 3an ari dira epaitzen Beatrice Molle-Haran eta ‘Txetx’ Jean-Noël Etcheverry, Parisko Zigor Auzitegiko 16. ganberan. 13:30ean abiatu da epaiketa, eta ordubete lehenago elkarretaratu dira sarreran auzipetuak, lekukoak, baita errugabetzea eskatu eta babesa ematera joandako hainbat ordezkari entzutetsu ere.
Euskal Herrian ez ezik, nazioartean ere babesa jaso dute bi akusatuek, eta Frantziako Estatuan ere sona izan du bakegileen auziak. Cécile Duflot Hollanden agintaritzan Frantziako ministro izandakoak sare sozialetan kritikatu du epaiketa “fartsa bat” dela, eta egindako lanagatik eskerrak eman dizkie Molleri, Etcheverryri eta Euskal Herriko bakegileei. Frantziako hainbat intelektual ezagunek ere iritzi-artikulu bat kaleratu dute Le Monde egunkarian, esanez epaiketa “zentzugabea” dela, eta eskatu dute auzia bide politikotik lantzeko, eta ez judizialetik.
Halaber, Foro Sozialeko kide izandako zenbait sindikatu eta eragilek bakegileek ETAren armagabetzearen auzian egindako lana eskertu eta babestu dute, eta Etxeberri eta Molle errugabetzeko eskatu dute. Apirilaren 3an elkarretaratzeak eginen dituzte zazpi hiriburuetan, Errugabetzea, Euskal Herrian aro berri bat behin betiko irekitzeko lelopean.
Molle eta Etcheverryri leporatzen diete “erakunde terrorista baten” armak eta lehergaiak izatea eta garraiatzea. ETAren armagabetzean funtsezkoa izan zen Luhusoko operazioan parte hartzeagatik eseri dituzte akusatuen aulkian. 2016ko abenduan atxilotu zituzten, epaiketa zazpi urteren ondoren dator, beraz.
Epaiketa aurretik gogoan izan dituzte Mixel Berhokoirigoin, Mixel Bergouignan eta Michel Tubiana, Luhusoko operazioan parte hartzeagatik atxilotu zituzten bakegileak, eta epaiketa aurretik zendu direnak. Aitortza egin diete hirurei.
Bi auzipetuek defendatu dute Luhusoko operazioan parte hartu zutela, eta euren helburu behinena zela ETAren armagabetzea bururaino eramatea. Frantziako eta Espainiako gobernuek prozesua blokeatuta zuten 2011ko Aieteko Adierazpenetik, eta bakegileek nahi izan zuten bitartekari lana egin. Euren lana funtsezkoa izan zen.
ETAren bermea zerk eman zien galdetuta, bi akusatuek erantzun dute behin betiko su-etena iragarrita zegoela erakundea, eta azken urteetan immobilizatuta zegoela. Etcheverryk errepikatu du aukera izango balu berriro egingo lukeela Luhusoko operazioa, egindakoaz harro dagoela, eta gizarteak esker mezuak helarazi zizkiela: “Luhusokoak Frantziako Gobernuaren jarrera aldaketa bideratu zuen. Horrek ahalbidetu zuen apirilaren 8koa”. Gogorarazi du Luhusoko operazioan leporatzen dietena –armak eta lehergaiak garraiatzea– gerora ere egin dutela, inolako ondorio judizialik gabe, eta Frantziako Poliziaren bermearekin.
13:30tik aurrera ari dira deklaratzen Beatrice Molle-Haran eta ‘Txetx’ Jean-Noël Etcheverry, eta prokuradorearen galderei erantzuten. Lekukoen txanda da gero, eta apirilaren 3an jarraituko du auziak Parisko Auzitegian. Kazetari ugari ari dira jarraipena egiten bertatik, eta informazio xeheagoa ematen ari dira, besteak beste, Ekhi Erremundegi, Maite Ubiria eta Ihintza Arrieta kazetariak.