Goizaldean hasi dira general frankistaren eta beste sei pertsonen gorpuzkiak ateratzeko lanak eta egun osoa beharko dute operazioa bukatzeko. Paco Etxeberria auzi-medikuaren zuzendaritzapean egiten ari dira lanak.
Irailean iragarri zuen Iruñeko Udalak José Sanjurjo eta Emilio Mola 1936ko Gerrako general kolpistak Erorien Monumentuko kriptatik aterako zituela, 2013an Nafarroako Legebiltzarrak onartutako memoria legeari bide emanez. Emilio Molaren gorpuzkiak iragan urriaren 24an atera zituzten intimitatean, familiak hala eskatuta.
Nafarroako eskuina politiko eta mediatikoaren arrabots handia sortu zuen erabakiak eta baita Iruñeko Artzapezpikuaren protesta ere. Azken honek salaketa jarriko zuela ere iragarri zuen, baina azkenean Iruñeko Udalarekin akordioa lortu du deshobiratzeak intimitatean egiteko eta hedabideen presentziarik gabe. Bertan ehortzitakoen senideen baimena beharko da deshobiratze lanetan egon ahal izateko.
Aldaketaren indarrek Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udalean agintzen hasi zirenetik hainbat neurri hartu dira Memoria Historikoaren Foru Legea betetze aldera. Besteak beste, iaz aldatu zitzaion izena Erorien Monumentua dagoen plazari, lehen Conde de Rodezno deitua eta orain Askatasunaren plaza.
Nafarroako Foru Jauregitik ere oraintsu kendu da ereinotza frankista zeraman Nafarroako armarria. Nafarroako Gobernuak, halaber, aurtengo otsailean sortu zuen memoria historikoaren nondik norakoak gidatuko dituen lan batzordea, gobernuko kideez eta memoria historikoa lantzen duten hainbat elkarte artean osatua.