Sanjurjoren gorpuzkiak azaroaren 16an aterako dituzte Erorien Monumentutik, hasieratik iragarri bezala. Iruñeko Udalak eta Artzapezpikutzak akordioa lotu dute: deshobiratzeak intimitatean eginen dituzte, eta ez da helegite gehiagorik izanen.
Joseba Asiron alkateak gaur eguerdian ezagutarazi du albistea: Emilio Mola jeneral faxistaren gorpuzkiak urriaren 24an atera zituzten Erorien Monumentuko kriptatik, hildakoaren familiak hala eskaturik.
Abuztuaren 31n, Asironek gorpuzkiok azaroaren 16an deshobiratuko zituztela iragarri zuen. Eta Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak espediente administratiboaren aurkako alegazioak aurkeztu zituen, gorpuzkiak zeuden kripta “kultu gunea” denez “bortxaezina” dela argudiatuz.
Udal zerbitzu juridikoek alegaziook ez aintzat hartzea erabaki dute, kriptak berdin funtzionatuko duelako kultu gune moduan, gorpuzkiak handik aterata ere. Bestalde, nabarmendu dute kriptaren jabea Udala dela, eta Elizak erabiltzeko eskubidea duela soilik.
Nolanahi ere, Artzapezpikutzak ez du ebazpen horren aurka eginen, Udalarekin akordioa sinatu baitu. Horrek zehazten du deshobiratzeak intimitatean eginen dituztela, ahalik eta langile gutxien baliatuz, familiak han direla –hala nahi badute–, eta kazetaririk eta argazkilaririk gabe –baldin eta familiek ez badute espresuki horretarako baimenik ematen–.
Molaren familiak deshobiratzea urriaren 24an eta kamerarik gabe egitea galdegin zion Udalari, eta ez du beste adierazpen publikorik egin. Jose Sanjurjo beste militar golpistaren sendiak, aldiz, bai: publikoki salatu du Udala Memoria Historikoaren Legearen kontra ari dela, eta oinarrizko eskubideak urratzen ari direla.
Sanjurjo eta Mola militar golpistenak ez ezik, kriptan daude Arregi Olalkiaga, Aznar Zozaia, Munarriz Escondrillas eta Martinez Chascorenak ere.
Gorpuzkien afera gaindituta, azaroaren 16tik aurrera galdera beste bat izanen da: zer egin Erorien Monumentuarekin?
Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra