argia.eus
INPRIMATU
Mursik uko egin dio akusatu jantzia janzteari
  • Hainbat herritarren hilketak bultatzea egotzita, Mohamed Mursi estatu kolpez botatako Egiptoko presidente ohia epaitzen hasi dira Kairon. Ordubete baino ez du iraun lehen epai saioak, auzipetuak ez duelako epaitu jantzia jantzi nahi izan. Epaileak eten egin du saioa.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko azaroaren 04a
Mursiren aldeko manifestariak. (Arg: sincoma.com)

Epaitegiaren "zilegitasun eza" salatu du Mursik eta horren ondorioz, ez du jantzi epaileak agindutako akusatu arropa zuria.

20.000 polizia baino gehiago bidali ditu Egiptoko Gobernuak epaitegiko atarira. Izan ere, Anaia Musulmanek Mursiren aldeko mobilizazioak iragarri dituzte. Facebooken argitaratutako ohar batean, salatu dute epaiketa “fartsa hutsa” dela, eta herritarrei kalera ateratzeko deia egin diete. “Balak baino indartsuagoak izango dira protestak”, esan dute.

Astelehen goizean, presidente ohia heldu aurretik, ehunka pertsona elkartu dira auzia salatzeko, eta poliziak gas-potoak bota dizkie. Hainbat kale ere moztu ditu, mobilizazioak eragozteko.

Uztailaren 3ko estatu kolpean agintari postutik kendu eta atxilotu zutenetik, toki ezazagunean dute atxilo Mursi. Horregatik, epaiketara helikopteroz eraman dute.

Harekin batera, Anaia Musulmanen alderdiko hamalau politikari pasako dira epailearen aurretik. Epaitegira blindatutako kotxeetan iritsi dira denak, segurtasun neurri handiekin.

2012ko abenduaren 4ko gertaeren harira epaituko dituzte hamabost pertsonak. Orduan, zortzi manifestari hil zituzten Mursiren aldeko eta kontrakoen arteko liskarretan.

Horrez gain, segurtasun indarretako kideak bahitzea eta torturatzea leporatzen dio Mursiri. Errudun joz gero, biziarteko espetxe zigorrari edo hiltzeko zigorrari egin beharko dio aurre.

Giza eskubideak urratuta, Mubarakekin eta Mursirekin

Kairoko CIHRS Institutoko kide Mohamed Zaarak Egiptoko giza eskubideen urraketaren karietara mintzatu da, Rebelion webguneko elkarrizketa batean. Dioenez, 2011ko otsailera arte, Hosni Mubarak diktadorea boteretik kendu arte, eskubide urraketa zegoen. Eta berdin-berdin jarraitu zuen Mohamed Mursirekin.

Jon Torner Argiako kazetariak itzuli ditu elkarrizketaren pasarte esanguratsuenak.