argia.eus
INPRIMATU
Mohamed Morsi Egiptoko presidente ohia zendu da
  • Bere aurkako epaiketa saio baten ostean hil da, astelehenean. Anaia Musulmanen erakundeko zenbait goi karguren gorpuekin batera hobiratu dute Kairon.

ARGIA @argia 2019ko ekainaren 18a
Mohamed Morsi (Argazkia: Amnistia Internazionala)

Qatar-en alde Kairoko auzitegi batean espioitzan aritzea leporatuta, bere kontrako auzi saioan izan zen astelehenean Morsi. Hitz egin ondoren, zerraldo erori zen. Egiptoko estatuko telebistak adierazitakoaren arabera, presidente ohia ospitalera eraman eta beharrezko neurriak hartu ziren. Telebistak berak, iturri medikoak aipatuz jakinarazi duenez, bihotzekoak jota hil zen. 67 urte zituen.

2013ko estatu kolpeaz geroztik preso zegoen Morsi, eta kasik isolamenduan emandako sei urte horiek osasun galera eragin zioten. Bere senideek eta giza eskubideen aldeko erakundeek pairatzen ari zen isolamendua salatu izan dute, baita behar zuen arreta medikoa jasotzen ez zuela ere. Diabetes kronikoz gain, giltzurrunetako eta gibeleko gaixotasunak zeuzkan. Medikuaren jarraipenik gabe, honen bizia arriskuan zegoela salatu zuten. Amnistia Internazionalak otsailean jakinarazi zuenez, atxilotua izan zenetik hiru alditan baino ez zuen medikuaren bisita izan presidente ohiak.

2012an heldu zen presidentziara Morsi, Anaia Mulsulmenen hautagaia, eta Egiptoko lehendabiziko presidente zibila bilakatu zen. 2011ko urtarrileko iraultzarekin hasitako prozesuak eraman zuen kargu horretara, Hosni Mubarak diktadoreari lekukoa hartuz.

Hileta eta mobilizazioak

Anaia Musulmanek “hilketatzat” jo dute Morsiren heriotza, eta beronen hiletan masiboki parte hartzeko deia zabaldu zuten. Kairoko Nasr Hiria barrutian lurperatu dute, Egiptoko autoritateek gorpua Sharqiya probintziako familiaren hilerrian hobiratzea debekatu ostean.

Hilketaren harira egin diren mobilizazioen aurrean, Egiptoko Gobernuko Barne Ministerioak alerta egoera ezarri du.