argia.eus
INPRIMATU
ANALISIA
Modi eta Trudeau: nola eraman aliantza bat amildegira
Mikel Aramendi 2024ko urriaren 22a

Ez dira ohiko gorabeherak harreman normalduetan, eta are gutxiago Indo-Pazifikoko estrategian elkarri eskua emanda ibili nahi omen duten herrialdeen artean espero litezkeenak. Baina ezta ere horren harrigarriak, beharbada. Protagonistak zertxobait ezagutuz gero.

Oraingo krisialdia, argiro, iazko ekainean Hardeep Singh Nijjar ekintzaile sikh eta kanadar herritarra bi maskaradunek Kanadako Columbia Britainiarrean tiroka akabatu zutenetik abiatzen da. Sikh erradikalenek aldarrikatzen duten Khalistan independentearen aldeko mugimenduetako baten kidea zen Nijjar, eta Indiak terrorista bilatuenen zerrendan zeukan. Zalantza gutxi zegoen lehen unetik, hilketaren atzean, zuzenean edo zeharka, indiar RAWaren eskua ibili behar zuela. Izan, bazirelako antzeko aurrekariak iraganean.

Tentsioak, hala ere, goranzko jauzia egin zuen J. Trudeau kanadar lehen ministroak hilketa egotzi zienean duela urtebete Parlamentuaren aurrean indiar erakunde ofizialei. Eta akusazioaren nondik norakoa argitu zezan presio egin zitzaionean, AEBen gerizpean diharduen Five Eyes espioitza-koordinakundetik zetozen jakinbideak zituela argi utzi zuen Trudeauk. Haren hitzak berresteko edo, AEBek ere aditzera eman zuten, gainera, egitear zegokeen antzeko hilketaren bat zapuztea lortu bide zutela.

Abilezia horren ifrentzua da argi baino argiago geratu dela, Five Eyes edo dena delakoren bitartez, indiar ordezkaritza diplomatikoen komunikazioak eta jarduerak gogotik zelatatzen dituztela iparramerikarrek eta konpaiek. Legez kanpokoak ez ezik aliatuak omen liratekeenen artean nekez onartzekoak diruditen kontuak, bistan denez.

Horregatik, seguruenera, ofizialki bere errugabetasuna aldarrikatze hutsetik askoz harago joaten ari da Modiren gobernua, eta manupekoen bitartez, krisiaren erantzukizun osoa leporatzen dio Trudeauri. Honek, alta, zuzentasunaren aitzindari-plantan azaldu nahi du, etxean dituen onarpen-indizeak goratzeko edo. Nolanahi ere, egitate konplitua da Laosen bi lehen ministroen zuzeneko solasaren ondoren ere, harremanek amildegira hurbiltzen jarraitu dutela.

Ez da Justin Trudeau Asiako potentzia handiekin (batez ere, haien arduradun gorenekin) traturako dohainez jantzitako politikaria. Xirekin, Balin eman zion errematea Meng Wanzhou kasuarekin hasitako gainbeherari. Modirekin, Laosen egin izango du antzeko zerbait Nijjar kasuaren ondotik.

Emaitzak lekuko.