Adimen artifizialaren bitartez itzulpen automatikoa egiteko tresna aurkeztu dute Elhuyarrek eta Mondragon Linguak. Euskarazko itzultzaile “onena” izanik, “kalitatezko” itzulpenak egiten dituela adierazi dute sortzaileek.
MODELA (www.modela.eus), euskararen eta gaztelaniaren arteko itzulpen automatikoko sistemarik “onena” eskura dago jada. Azkenaldian boladan dagoen adimen artifizialeko teknikarik berritzaileenean oinarrituta garatu dute: Sare Neuronaletako Itzulpen Automatikoa (NMT, Neural Machine Translation).
“Orain arte hizkuntza nagusien arteko itzulpen-sistemetan erabili den teknika aurreratu hori euskarazko testuekin ere aplikatzeko modua aurkitu dugu”, adierazi dute Itziar Cortesek eta Igor Ellakuriak, Elhuyarreko eta MondragonLinguako Itzulpengintzarako Teknologien eta MODELAren arduradunek.
Itzulpen automatikoko sistemetan, emaitzen kalitatea mugatzen zuten euskararen morfologia aberatsak eta bestelako ezaugarriek; aldiz, sare neuronaletan oinarritutako sistemetan, gainditu egin da muga hori, eta euskararen hizkuntza-teknologiak beste hizkuntzen pare jarri dira.
Sare neuronaletan oinarritutako itzultzaile automatikoek izugarrizko jariakortasuna eskaintzen dute, aurrez ezagutzen genituen sistemekin alderatuz. “Euskararen kasuan, inoiz ikusi ez diren kalitateko itzulpenak eskaintzen ditu MODELAk. Lehen aldiz, euskarazko itzultzaile automatiko baten erabilera praktikorako ateak ireki zaizkigu”, gehitu dute MODELAren arduradunek.