argia.eus
INPRIMATU
Modaren alde izkutua bistaratuko dute ostiralean Bilbon
  • Modaren "alde zikina" salatzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak.

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 01
2018ko martxoaren 8ko Greba Feminista Gasteizen, grebalariak Zara denda baten barruan (Argazkia: Hala Bedi)

“Trapu zikinak ez ditugu etxean garbitzen!” lemapean, otsailaren 1ean mobilizatzeko deia egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea Bilboko Gran Vía kaleko Zara dendaren aurrean egingo da, modaren industriak ezkutatzen duen emakumeen zapalkuntza salatzeko.

Bangladesheko eskulan merkeaz ekoitzitako arropa

Txinaren atzetik, ehungintza fabrikatzaile handiena da Bangladesh: 3,5 milioi langilek —gehiengoa emakumeak— egiten dute ehungintza industrian lan. Herrialdeak esportazio bidezko diru-sarreren %80 nazioarteko arropa salmentarekin lortzen ditu. Bangladeshko esku-lan merkeak ahalbidetzen die hainbat enpresari gurean arropa merke saltzea. Inditex, H&M, Primark edota Aldi bezalako enpresek eskaintzen dituzten prezio baxuek kostu altua dute munduaren beste aldean.

Beren eskulan merkean oinarritzen den ehungintza industria ereduaren jasangarritasun eza bistaratu berri dute Bangladesheko milioika emakumek. Soldata altuagoak exijituz, Dhaka hiriko kaleak hartu zituzten urtarrila hasieran, eta ia bi astez greba egin zuten. Izandako istiluetan poliziak egindako esku-hartzeek hildako bat utzi dute.

Urtarrilaren 16an eman zioten amaiera astebetetik gora iraundako grebari, gobernuak soldata igoera promestu ostean. Biharamunean, langileak lantokietara itzuli zirenean, 700 pertsona baino gehiagok kanporatuak izan zirela jakin zuten.