Honako erronka hau proposatzen dizugu: zure armairua parez pare ireki, eta erne begiratu goitik behera eta ezkerretik eskuinera. Ez ezazu ahaztu barrenean pilatuta dagoena. Arretaz behatu gordetzen duzun guztia, eta (zintzotasunez) galdera honi erantzun: zenbat arropa ez duzu erabili urtebetean?
Ellen McArthur Fundazioaren arabera, herritarren kontsumoa %60 hazi da azken hamabost urteetan, eta Europako armairuetan dagoenaren %30 ez da erabili azken hamabi hilabeteetan. Portzentaje horren parte zaren ala ez alde batera utzita, datu horrek erakusten du gure beharretatik haratago kontsumitzen dugula, salbuespenak salbuespen, jakina. Horren erakusle honako beste datu hau: zenbait arropa markak, oro har merkeak eta kalitate baxukoak, 52 denboraldi edo arropa bilduma aurkezten dituzte urtero (astero bat, gutxi gorabehera).
Moda azkarraren industria jantzien produkzio masiboan oinarritzen da, azken joeretan inspiratuta dago eta iraupen mugatua du; hori dela eta, erabat jasanezina da. Batetik, bigarren industria kutsagarriena delako, energia fosilen atzetik: Arropa Garbiaren kanpainaren arabera, modaren industriak urtean 92 milioi tona hondakin eta 1,5 bilioi litro ur erabilezin sortzen ditu, beraz, munduko hondakin-uren %20. Bestetik, arropak ekoizteko egundoko baliabideak behar ditu, baina planetaren baliabide horiek mugatuak dira. Hori gutxi balitz bezala, jasanezina da ezkutatzen dituelako 70 orduko lanaldiak (sektoreko langileen %80 emakumeak dira), soldata iraingarriak, osasunerako kaltegarriak diren tekniken eta produktu kimikoen erabilera, eta segurtasun- eta osasun-baldintzak betetzetik urrun dauden lantegiak.
Arretaz behatu gordetzen duzun guztia, eta (zintzotasunez) galdera honi erantzun: zenbat arropa ez duzu erabili urtebetean?
Donostiako Zero Pobrezia Plataforma hiriko hamasei erakunde eta gizarte mugimenduz osatuta dago, eta uste dugu errealitate horrek hausnartzera bultzatu behar gaituela kontsumitzen dugun moduaren inguruan. Gutxiago, eta modu arduratsuago, jasangarriago eta kontzienteagoan kontsumitzen badugu, ondorio positiboak eragingo ditugu gure ingurunean eta urruneko beste leku batzuetan. Kontsumoa mundua eraldatzeko arma boteretsua da.
Hala ere, pentsatzen dugu erakunde publikoek erantzun ausartak, premiazkoak, solidarioak eta bidezkoak eman behar dituztela irtenbidearen parte izateko. Proposatzen diegu lege lotesleen alde lan egitea pertsonak eta ingurugiroa babesteko eta enpresak beren jardueraren eragin negatiboaren erantzule egiteko. Exijitzen diegu kalitatezko tokiko merkataritza sustatzea, eta ez gure hirietan modu esponentzialean hazten ari diren saltoki handiak, neurrigabeko kontsumo mota hori sustatzen baitute. Eskatzen diegu garapen lankidetzarako politikak indartzea, bizi dugun krisi globalaren irtenbidearen zati dira-eta.
Jakitun gara arazo honen kausak ugariak eta desberdinak direla, eta erabaki politiko eta ekonomikoen ondorio direla. Beraz, ziur gaude konponbideek globalak izan behar dutela, eta sektore askotan landu behar direla. Gure munduak dituen erronka eta mehatxuen aurrean, ezin gara geldi egon. Beraz, urriaren 17a Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu ditugun ekimenetan parte hartzera eta mobilizatzera gonbidatzen ditugu herritarrak. Zehazki, igande honetan (hilak 22an) prestatu dugun aldarrikapen-bizi martxan. 12:00etan abiatuko da Haizearen Orrazitik Donostiako Alderdi Ederreraino, Moda azkarraren benetako kostua lelopean.
Donostiako Zero Pobrezia Plataforma