argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioak indartuko dituztela aurreratu dute pentsiodunek
  • Hala jakinarazi dute borrokaren lehen urteurreneko manifestazioan. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta KPIaren araberako pentsioen igoera aldarrikatu dute manifestazioko parte hartzaileek.

IƱigo Igartua @igartua19 2019ko urtarrilaren 21
Larunbatean Bilbon egin zen manifestazioa. Argazkia: @EcuadorEtxea

Milaka lagunek “pentsio publiko duinak” eskatu dituzte Bilbon larunbatean, pentsiodunen mugimenduak protestak hasi zituenetik urtebete igaro denean. Antolatzaileen arabera, 40.000 pertsona inguru batu ziren Bizkaiko hiriburuko kaleetan.

Andrea Uña eta Jon Fano mugimenduko bozeramaileek “beren aldarrikapenei eusteko pentsiodunen jarrera" goraipatu dute. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa “aldarrikapen izarretako bat” dela azpimarratu eta berau ziurtatu arte ez dutela “amore emango” ere adierazi dute.

Datozen hilabeteetarako mobilizazio plan bat egitea aurreikusi dute: "astelehenetako eta eskualdeetako mobilizazioetan pisu handiagoko protestak izango dira", jakinarazi dute boraramaileek. Maiatzean, bozen ataritan, “pentsiodunak, langileak, emakumeak eta gazteak bilduko dituen garrantzia handiko mobilizazio herrikoia” antolatzeko asmoa erakutsi dute. Hauteskunde urtea den honetan Espainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak zerbait esan beharko dutela adieraziz.