Espainiako Gobernuak azken urteetan hartutako murrizketen eta erreformen kontra hainbat eragilek mobilizazioak deitu dituzte gaurko eta biharko Gasteizen eta Iruñean.
Batetik, pentsio erreformaren aurka Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean bilduko dira gaur goizean, 11:30ean.
Bestetik, Arabako gizarte eragileek lan baldintza duinen aldeko manifestazioa eginen dute bihar Gasteizen.
Pentsio duinak aldarrikatzeko protestak
Madrilek ezartzen duen pentsio-erreformaren aurkako elkarretaratzeak deitu dituzte gaurko ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CNT eta CGT sindikatuek, hainbat gizarte eragilerekin batera.
Abenduaren 18rako, asteazkena, 11:30ean Eusko Legebiltzarraren eta Nafarroako Parlamentuaren aurrean egingo diren elkarretaratzetan parte hartzeko eskatu diote euskal jendarte osoari.
“Gure pentsioak bankarentzat eta aseguru konpainientzat lan egiten duten gobernuen esku daude. Oraingo eta etorkizuneko pentsionistok ez daukagu baliorik pertsona moduan. Pentsioen dirua kentzeko eta euren espekulazioa eta bankuen zorra ordaintzeko baino ez gara baliotsuak”, adierazi dute deitzaileek.
Hori dela eta, euskal mugimendu sozial eta sindikalak Hego Euskal Herriko erakundeei eskatzen diete jarreraz alda dezaten, ”Euskal Herrian bizi eta lan egiten dugunon zerbitzura egon nahi badute”. Bide horretan “bestelako politika batzuk aplika ditzaten” eskatu diete pertsona orori pentsio duina bermatzeko.
Araba borrokan lan baldintza duinen alde ostegunean
Ildo beretik, Araba borrokan plataformak biharko manifestazioa iragarri du “Lan baldintza duinen alde. No a las reformas!” lemapean. Abenduaren 19an, osteguna, Gasteizko Bilbo plazatik abiatuko da martxa 19:00etan eta sindikatu guztien, hainbat alderdi politikoren eta gazte, pentsiodun, langabetu eta auzo antolakundeen babesa jaso du deialdiak.
Lan baldintza duinak aldarrikatuko dituzte Gasteizko kaleetan barrena, lan erreformen aurka. Izan ere, “abenduaren 31an 45.000 langile inguruk haien hitzarmenak galtzeko arriskua” izanen dutela gogorarazi dute plataformako kideek.
Haien esanetan, azken urteetan enpresek justifikatu gabeko Enplegu-Erregulazioko Espedienteak (EEE) ezarri dizkiete greba eta protestetan parte hartu duten langile askori. Hori dela eta, “lan eta gizarte eskubideak galdu nahi ez baditugu” jendartearen erantzun bateratua ezinbestekoa dela gogorarazi dute. Martxa honetan “gutxieneko soldatak eta ordutegien malgutasunak esklabotzara eramango gaitu”, gaineratu dute.