argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioak egingo dituzte Leioako 5en askatasuna eskatzeko
  • Auzipetutakoen eskualdeetan, Leioako campusean eta Bilboko epaitegien aurrean deitu dituzte protestak. Lehena larunbatean izango da, Altsasun. Irailaren 27an izango da epaiketa, eta orotara 45.000 euroko kalteordaina eta 40 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu fiskaltzak auzipetuen aurka.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 12a
Orotara, 45.000 euroko kalteordaina eta 40 urteko espetxe-zigorrak eskatu dituzte auzipetuentzat, horietako birentzat hamazazpina urteko zigorra. (Argazkia: Gedar)

2016ko apirilean bost pertsona atxilotu zituen Ertzaintzak Leioako EHUren campusean, errepresioaren aurkako manifestazio batean. Irailaren 27an epaituko dituzte, zazpi urte beranduago. Orotara, 45.000 euroko kalte-ordaina eta 40 urteko espetxe-zigorra eskatzen du fiskaltzak haien aurka. Zehazki, bi ikasleren aurka hamazazpi urteko eskaera egin du, beste biren aurka bi urtekoa eta bosgarrenarentzat urte eta erdikoa. Desordena publikoa, atentatua, kalte materialak eta lesioak egin izana egozten diete.

Leioako 5ak Aske plataformak bideoan azaldu duenez, "modu arbitrarioan" atxiki zituzten, eta beste hamabost ikasle ere zauritu zituzten polizia-indarrek.

Manifestazio horretan salatu zuten EHUk errepresioarekin erantzuten ziola "ikasle mugimenduaren hazkundeari". Horrez gain, errektoretzari bost exijentzia helarazi zizkioten, "unibertsitate esparruan borrokarako baldintzak hobetzera bidean": San Mamesen, Leioan eta Gasteizen ekintza ezberdinen ondorioz inplikatuta zeuden ikasleen kontrako neurriak atzera bota eta egoerak konpontzea, EHUra Ertzaintza sar ez zedin behin-betiko neurriak hartzea, eta campusetan zeuden polizia indarrak kanporatzea.

Plataformak eta inputatuek mobilizazioetara batzeko deia luzatu dute: "Arazo kolektibo baten aurrean borrokatzeagatik atxilotu gintuzten. Modu berean, gure aurkako errepresio politikoari ere kolektiboki erantzun behar diogu, elkartasuna eta antolakuntza direlako gure indargunea".

Mobilizazioen egun eta orduak

Mobilizazioak iragarri dituzte Leioako 5en askatasuna eskatzeko. Auzipetutakoen eskualdeetan eta Leioako campusean egingo dituzte protestak; baita Bilboko epaitegien aurrean ere, irailaren 27an, epaiketaren egunean bertan.

Larunbat honetan izango da lehen mobilizazioa, Altsasun, 18:00etan. Datorren ostegunean, irailaren 21ean, Leioako EHUren campusean egingo dute 13:00etan, Ikasle Abertzaleak-ek deituta. Gainontzeko mobilizazioak irailaren 23an izango dira: Baionan 11:00etan, Lizarran 12:00etan, Altsasun 13:0etan, eta Iruñean eta Portugaleten 19:00etan. Epaiketaren egunean 9:00etan epaitegien aurrera bertaratzeko deia egin dute.