argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazioak deitu ditu ‘Bardenas Libres 2018’ plataformak Armadaren maniobren kontra
  • Espainiako Armadak benetako armekin maniobrak egingo ditu Bardeetan maiatzaren 7tik 11ra bitartean, bigarren aldiz aurten. Horren aurrean, mobilizazioak deitu dituzte.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 08a

Bardeetako Aireko Kuartelaratzeko Komandantziak jakinarazi du “Operación Tormenta” bezala izendatu dituzten maniobrak gauzatuko dituztela aste honetan zehar Bardeetako Parkean, Kaosenlared-ek jakinarazi duenez. Instrukziozko armen erabileraz baliatuta lehen bi egunetan, benetako armak erabiliz gainontzekoetan.

Honen aurrean, ‘Bardenas Libres 2018’ plataformak Armadak egunotan egitea aurreikusten dituen maniobrak gelditzea eta poligonoa desegitea eskatzen du, eta mobilizazioak deitu ditu aldarriak kalera ateratzeko helburuarekin. Ostiralean elkarretaratzea deitu du 20:00etan Iruñean, Gobernu Ordezkaritzaren aurrean. Tutera, Exeya d'os Caballers eta kaltetutako beste herri batzuetan aldiz informazio mahaiak jarriko ditu.

Maniobrak bertan behera utzi eta poligonoa desegiteaz gain, Bardeak herriarentzako berreskuratzeko konpromiso argia eta zuzena eskatzen die plataformak aldaketaren instituzioei. “Hemen entseatzen diren gerrek milaka pertsonen heriotza eragiten dute, beste hainbat beraien lurraldetik ihes egitera behartzen dituzte eta sistema kapitalista sostengatzen duten behar ekonomikoei erantzuten die” salatzen dute komunikatuan.