Ehunka lagunek igande goizaldean jazotako talde bortxaketa salatu eta erasoa pairatu duen emakume gazteari elkartasuna adierazi diote.
Gizon talde batek 17 urteko emakume getxoztar bat bortxatu zuen igande goizalean, Plentziako hondartzan. Gertakaria gaitzetsi eta erasoa pairatu duen emakumeari babesa eta elkartasuna adierazi asmoz, mobilizazioa egin zuten asteazken iluntzean Algortan, bertako mugimendu feministak deituta. Manifestazioa 20:00etan abiatu zen Telletxe plazatik, eta ehunka herritarren egin zuten bat deialdiarekin.
Mugimendu feministak deitutako mobilizazioa baino ordu-erdi lehenago, 19:30ean, gertakari berbera salatzeko beste elkarretaratze bat egin zuten Telletxe plazan, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak deituta.
"Haserre gaude, osasun larrialdia ez da pairatzen ari garen pandemia bakarra. Igandekoa ez da kasu isolatu bat, ez eta ausazko gertaera bat ere", egin zuen irakurketa mugimendu feministak. Gisako erasoei autodefentsa feministaz erantzuteko prest agertu ziren, baita jendarte feminista baten eraikuntza lanean segitzeko ere.