“Hau ez da gure hezkuntza!” lemapean greba eta mobilizazio eguna antolatu dute asteazken honetan Ikasle Abertzaleek.
Goizetik Euskal Herriko hainbat ikastetxetan nabaritu da deialdiaren eragina: piketeak ibili dira herri eta hirietako hezkuntza zentroetan eta herri eskolak antolatu dituzte, ohiko hezkuntzaren alternatiba praktikan jartzeko asmoz.
IAk gogorarazi ditu Euskal Herriko ikastetxeetan “problematika ezberdinei erantzuna emateko” egiten ari diren dinamikak, autodefentsa sareak, greba eskubidearen aldeko protestak edo herri eskolak, besteak beste. Horiek guztiak ez dira arazo “isolatuak”, antolakundeko kideen ustez, baizik eta hezkuntza gizarte eredu baten zerbitzura duen “egitura oso baten” ondorio.
Gasteizen identifikazioak eta Sakanan autobus bat geldiarazia
Ertzaintzak 60 ikasle inguru identifikatu ditu Gasteizen, mobilizazioekin lotuta, Hala Bedik informatu duenez. Gainera, polizia autonomikoko agenteek ikasleetako bati mugikorra kendu eta Whatsapp aplikazioan zeuzkan argazkiengatik Mozal Legea aplikatzearekin mehatxatu dute.
Bestalde, Sakanako IAk salatu duenez, eskualdetik hiriburuko manifestaziora zihoazen bi autobus gelditu ditu Espainiako Poliziak. Ikasleak jaitsiarazi, miatu eta identifikatu dituztela informatu du antolakundeak eta salatu du kontrol horren erruz 100 ikasle inguruk ezin izan dutela mobilizazioan parte hartu.
Eragozpenak eragozpen, mobilizazioekin jarraitu du IAk. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako manifestazioetan jende ugari elkartu da, beheko argazkietan ikusten den moduan.