argia.eus
INPRIMATU
Estrasburgok Ines del Rioren kasua aztertu ostean, mobilizazioak Euskal Herri osoan
ARGIA @argia 2013ko martxoaren 20a

Estrasburgoko auzitegiak 2012ko uztailean erabaki zuen Ines del Riori Parot doktrina aplikatzea ez zela onargarria. Espainiako Gobernuak helegitea jarri zuen epai horren aurka eta gaur goizean epaimahaiak akusazioaren eta defentsaren argudioak entzungo ditu. Aitzitik, hilabeteak igaroko dira behin betiko epaia jakin aurretik.  

Doktrina horrek presoaren kartzela zigorra luzatzen du, espetxealdia murrizteko onurak presoaren zigor osoari aplikatzen baitzaizkio eta ez 30 urteko mugari. Ondorioz, doktrina hori aplikatzeak, presoak 30 urteak oso osorik betetzea dakar kasu askotan.

Estrasburgok erabakitzen badu doktrina legez kanpokoa dela, Ines del Rioren kasua aurrekaria litzateke egoera berean dauden beste 71 euskal presorentzat; horietatik 54k kalean behar lukete dagoeneko.

Euskal Herriko eta nazioarteko gizarte eragile, jurista eta politikari ugari azaldu dira 192/2006 doktrinaren aurka. Espainiako Gobernua baina, presio handia egiten ari da Europar Batasuneko erakundeetan, auzitegiak kontrako behin betiko epairik eman ez dezan.