Beste greba egun bat antolatu dute Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuan. Bi fenomeno dira azpimarragarri. Batetik, diote azken hamarkadetako greba mugimendu jendetsuena izaten ari dela, baina bestalde, horrek iradoki dezakeenaren kontra, gobernuak ez du imintziorik egin mugimenduari men egiteko. Zer gertatzen ari da?
Greba olatu handi bat zabaldu da Frantziako Estatuan azken bi hilabeteetan, eta astero hainbat egunez ehunka milaka pertsona atera dira manifestatzera kalera. Urtarrilaren 19an hasi zen mugimendua, eta joan den asteko asteartean, martxoaren 7an, mugimenduari indarra emateko, sindikatuek inflexio puntu bat markatu nahi izan zuten: hexagonoa blokeatzeko deialdi handia prestatu zuten. Haiek emandako datuen arabera, 3,5 milioi pertsona manifestatu ziren egun hartan; 1,28 milioi pertsona Poliziaren arabera. Datu hori garrantzitsua da Enric Bonet kazetariak El Salton ederki aztertu duen mugimenduarentzat, 1962an Frantziako Polizia manifestariak kontabilizatzen hasi zenetik inoiz ez baitzen greba egun batean horrenbeste jende atera kalera. Mobilizazio historikoa izan da.
Erretretaren baldintzak gogortzeko prozesuan den legeak eragin du mugimendua: Emmanuel Macronen gobernu neoliberalak erretreta adina 62 urtetik 64ra pasa nahi du, eta gutxienez 43 urtez lan egin beharko dira erretreta osoa jasotzeko, besteren artean. Lege berria aurrera doa, Senatuan eta Asanblea Nazionalean eztabaida ahalik eta gehien mugatuta, legeak igandean igaro zuen Senatuko eztabaida, eta aste honetan Asanblea Nazionalera itzuliko da. Aste garrantzitsua, beraz. Bitartean, Macron zurrutean ikusi dugu Afrikan joan den astean egin duen biran; sindikatuek eginiko bilkura dei formalari muzin egin zien ostiralean.
Nola izan daiteke, baina, azken hamarkadetako greba mobilizazio handienak ez makurraraztea Macronen gobernua?
Lehenik eta behin, gatazka batean beste aldeari inolako kontzesiorik ez egiteko lehenengo baldintza da gatazka bera eta beste aldea ez aitortzea; hau da, ezikusiarena egin eta inolaz ere negoziazio mahaian ez esertzea. Horren adibide argia, Euskal Herriko gatazkan, 2011ko Aieteko Adierazpenak Patxi Lopez AEBetan “harrapatu” zuenean bezalaxe.
Bestalde, egun Frantzian egiten ari diren greba motari erreparatu behar zaio, historikoa bada ere, hamarkadetako hari luze bat jarraitzen baitu. Le SEUM Toulouseko aldizkariaren azken zenbakiak azaltzen duen bezala, Frantziako borroka sozialak hein batean “mugimenduen” bidez azaldu daitezke: 1968ko maiatza, 1995 eta 2006ko grebak, 2016ko Loi Travail eta 2019ko Jaka Horien mugimendua, eta orain martxan dagoen greba, tartean beste hainbat aipatu gabe utzita. Hainbat urtean behin egun, aste edo zenbait hilabetez kaleak hartu eta herrialdea astintzen dituzten masa mugimenduak dira: mobilizazioak, grebak, altxamenduak. Horietako batzuk, egungoaren antzera, unean uneko gobernuak iragarritako neurri batzuei aurre egiteko altxa dira.
1995eko greba masiboek gobernua makurtu zuten, eta lortu zuen erretreten plana aldatzeko legea atzera botaraztea; 2006ko grebak ere lortu zuen lehenengo lan kontratuak prekarizatzen zituen lege proposamena atzera botatzea. Baina 2010eko mugimenduak ez zuen lortu erretreta adina 60 urtetik 62 urtetara igarotzea; 2016ko mugimenduak ez zuen lortu lan erreforma neoliberala gibelaraztea. Jaka Horiek ere, mugimenduak izan zuen indar handia izan arren, legearen aplikazioa geroratzea lortu zuen soilik. Mugimendu guzti horiek ehunka, milaka zein milioika pertsona mugiarazi zituzten, batzuk egungo zifretatik gertu, beste batzuk bestelako indargune batzuk erabilita.
Hain zuzen, Jaka Horiek erabilitako beligerantzia handiarekin alderatuta, gaur egungo greba mugimendua guztiz bestelakoa da. Sindikatu handi guztiak batu dira greba babesteko, eta zentzu horretan jende mobilizazio oso handiak antolatu dituzte –biztanleriaren bi heren erreformaren kontra dago–. Baina hori puntu indartsu izan daiteke, ahulgune izan daitekeen antzera. Izan ere, denok batera egitekotan, sindikatu guztien gustuko greba izan behar du, eta hein horretan, oso greba egun gidatuak eta aldi berean mugatuak izan dira.
Sindikatuetatik at, bestelako antolakunde, eragile, alderdi, pertsona, eta abarrek ez dute tokirik aurkitu sindikatu handi guztien alboan. Halaber, greba, berau egiteko ohitura handia duten sektore jakin batzuen gain erori da –energia, hondakinen bilketa, irakaslegoa, errefindegiak, eta garraioa, besteren artean–, baina gizartearen gehiengo zabala ez da egiten ari, manifestazioetan ari da parte hartzen.
Beraz, mugimendua sektore gutxi batzuen greban eta bazkalosteko manifestazio zabal eta baketsuetan oinarritu da. 2010ean izandako greba olatuan ere manifestari kantitatea izan zen sindikatuen arma gobernuaren kontra, eta hala erakutsi zuen gobernuaren eta sindikatuen artean izandako kontaketa borrokak. Bakoitzak besteari egotzi zion haren interesen arabera kalera atera ziren manifestarien kantitateak murriztu edo puztea. Hala, grebaren hedapena mugatua izaten ari da, eta manifestazioen indar erakustaldiekin sindikatuek erakutsi dute zenbakiak dituztela, baina antza, zifretan oinarritutako iritzi publiko baketsuak ez du gobernua makurtu.
Horretaz jakitun, sindikatuek berek martxoaren 7an apustua igotzea erabaki zuten: asteroko greba puntualen ordez greba mugagabeak, eta manifestazioez gain, herrialdea blokeatzea. Baina apustuak aurreko dinamikaren baitan egin du gora, aipatutako sektoreak ari dira greba mugagabean eta, eta han eta hemen zabaldu diren blokeoak —asko gune estrategikoetan, beraz ikusteke dago izango dezaketen eragina— albo batera utzita, ekonomiak martxan jarraitzen du. Horrela uler daiteke egun hartan, oraindaino izandako greba egun handienean, Tolosako komertzio praktikoki guztiak irekita eta funtzionamenduan egotea, ezer pasako ez balitz bezala.
Ondorioz, manifestazioen masibotasuna izan da oraingo grebaren indarra, momentuz dinamika horrek ez du lortu gobernuaren ukazio estrategia hautsi eta eseraraztea. 62 urterekin beharrean, ez badute 64rekin erretiratzen amaitu nahi —ez da broma, lana bi urtez gehiago—, Frantziako Estatuko langileek mobilizazio masiboei bestelako zerbait erantsi beharko diete datozen egunetan.