argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazio Eguna deitu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Patxi Ruizen egoera salatzeko
  • Maiatzaren 30erako (larunbata) egin du Euskal Herri osorako deia, "Patxiren egoera salatzeko eta amnistia aldarrikatzeko". Murtzia II kartzelan duten presoak 17. eguna beteko du gose greban, horietatik lehen 12 egunak egarri greba ere izanik. Salatu dutenez, ezarri dioten berrogeialdia ekainaren 9 arte mantenduko diote, eta denbora horretan ezingo du abokatuaren bisitarik ere jaso, ezta bideo-deirik egin ere. Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak salatu du "koronabirusaren aitzakiapean Patxiren eskubideak are gehiago urratzen ari direla".

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 27a
Maiatzaren 23an Baionan egin zuten manifestazioa.

"Patxik babes juridiko eta medikurik handienak behar dituen unean, kartzelak oraindik isolatuago uzten du. Hau guztia PSOE eta Podemosen Gobernu Espainolaren oniritziarekin egiten ari da Murtzia II-ko Zuzendaria. Tabernetara kontsumitzera joatea hain arriskutsua ez omen den une batean, preso batek abokatu eta medikuen bisitak jasotzea osasun arazo bihurtzen dute. Horixe da kartzelaren logika: opakotasuna eta presoak eskubiderik gabeko zenbakiak baino ez izatea" salatu du mugimenduak. Bideo-deiak ukatzeko kartzelak emandako argudioa erizaindegiko moduluan estaldura falta dagoela izan da.

Larunbatean Mobilizazio Egun nazionala eta bitartean beste hainbat mobilizazio

Maiatzaren 30eko Mobilizazio Egunari buruzko zehaztasun gehiago hurrengo egunetan emango ditu Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak.

Egunero, arratsalde-iluntzetan, elkarretaratzeak egiten dira herri hauetan: Urruña, Donostia, Mutriku, Etxarri, Berango, Algorta, Erromo, Hernani, Zornotza, Baiona, Altsasu eta Lekeitio.

Maiatzaren 27an, Bilbon 20:00etan manifestazioa egingo dute Santiago plazatik hasita. Ondarroan 20:00etan Alamedan elkartuko dira. Usansoloko Ospitalean 11:30ean elkarretaratzea egingo dute eta Portugaleten 20:00etan bilduko dira.

Maiatzaren 28an Bilbon manifestazioa egingo dute, 20:00etan Etxebarrieta Anaien plazatik abiatuta.

Maiatzaren 29an Ondarroan 20:00etan Alamedan elkartuko dira, Sodupen 20:00etan Navarroren aurrean kontzentrazioa egingo dute eta zeberion 20:00etan plazan egingo dute elkarretaratzea.

Gose greba eta barauak kartzeletan eta kalean

Kartzeletan 14 presok hainbat ekimen hasiak dituzte: Bost eguneko gose greba burutuko du gaur Mikel San Sebastianek, maiatzaren 23an hasi baitzuen. Orkatz Gallastegik tartekako barauak egiten ditu. Txapeoan dira Ibai Aginaga, Lola Lopez eta Jon Kepa Preciado. Eta kartzelak ematen duen janariaren erretiluari uko egiten diote Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano, Irantzu Gallastegi, Iñaki Etxeberria, Itziar Moreno, Saioa Sanchez, Alberto Viedma eta Iñaki Krutxagak.

Zazpi herri hauetan gose greba eta barauak egiten ari dira, gehienetan herritarren artean 24 eta 48 orduko txandak osatuta: Ondarroan maiatzaren 18tik gose greba abiatua dute txandaka; Etxarrin bi pertsonak gose greba abiatua dute maiatzaren 19tik; Altsasun maiatzaren 19tik gose greban ari dira txandaka; Etxarriko Gazte Asanbladak maiatzaren 20tik barauak egiten ditu txandaka; etxarriar batek maiatzaren 21etik ekin dio gose grebari Mexikon; Urruñan maiatzaren 24tik barauan ari dira txandaka eta Txantrean maiatzaren 24tik txandakako barau eta itxialdia dute martxan.