argia.eus
INPRIMATU
Mobilizazio astea dute ikasleek
  • Gaztiak Planto! ekimena martxan da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta Herri Unibertsitatea egitekoak dira Leioako campusean. Egun handia osteguna izango da (M27): greba orokorrera deitu dute Ikasle Abertzaleek Hego Euskal Herriko ikastetxeetan, azken hezkuntza erreformen kontra eta herritik herriarentzat eginiko hezkuntza eredu propioaren alde.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2014ko martxoaren 24a
Herri ugaritan manifestazioak antolatu dituzte 27rako.

Aurretik datoz mobilizazioak. Azkena, joan den ostiralekoa: murrizketek itxitako haur eskola okupatu zuten ikasleek Arrosadia auzoan (Iruñea), bertan hezkuntza espazio alternatiboa sortzeko asmoz. Poliziak handik atera zituen, baina NUPeko ikasleen ekimenak segida izango du egunotan, Gaztiak Planto! lelopean.

Bizkaiko Ikasle Eztandak berriz, Herri Unibertsitatea antolatu du astearte eta asteazkenean: artea, sexualitatea, musika, mugimendu sozialak, euskara, fisika, antzerkia, hezkidetza, frackinga… landuko dituzte Leioako ikasleek, autogestionaturiko eskolen bidez aldarrikatzen duten unibertsitate eredua praktikara eramateko helburuz.

Greba orokorraren aurrekari izan nahi dute mobilizazio eta ekimen horiek.

Martxoaren 27an, greba orokorra

“Elite ekonomikoaren mesedetan” eta “ikasleen interesen kontra” egiten dutelako, LOMCE, Heziberri2020 eta unibertsitate erreformaren aurka protestatuko dute ikasleek ostegunean, bereziki Cristina Uriarte, Jose Iribas eta Jose Ignacio Wert hezkuntza arduradunei zuzenduta.

Egungo hezkuntza sistema ere kritikatu nahi dute ikasleek, “tasen igoera, zerbitzuen pribatizazioa, ordezkapen eza, ikasleok erabakietan dugun pisua, euskalduntzea bermatzen ez duen eredua” tarteko. Herritik herriarentzako den hezkuntza sistema aldarrikatzea dute xede, euskaldun, ezkertiar eta feminista izango den eskolaren alde, inklusiboa, herritarra, parekidea, duina, internazionalista, askatzailea…

Mobilizazio hauen jarraipena egiteko, greba aurreko egunetan #EkinM27 etiketa erabiltzea proposatu dute antolatzaileek, eta egunean bertan, #M27Greba.

Hainbat manifestazio egingo dira 27an. Hona hiriburuetakoen ordutegia:

Bilbo: 12:30ean, Jesusen Bihotza plazatik.

Donostia: 11:30ean, Ibaeta campuseko Arkitektura fakultatetik.

Gasteiz: 12:30ean, Bilbo plazatik.

Iruñea: 12:00etan, Antoniutti parketik.

26an eta 27an, grebara deitu du baita ere Espainiako Estatuko Ikasle Sindikatuak.