2018ko Martxoak 8ak aurreikuspenak hautsi zituen. Aurtengo greba feministan ere, txiki geratu dira egindako kalkuluak. Begi-bistakoa izan da. Hiriburuetan zer gertatuko geunden, eta horietako indar erakustaldiek iazkoa gainditu badute, aurtengo sorpresa auzoetakoa eta herrietakoa izan da.
Txokorik txoko antolatu dira eta iaz mugimendurik egon ez zen herrietara ere heldu da olatua. Ez da kasualitatea izan, mugimendu feministak mobilizazio deszentralizatua akuilatu du eta emaitza ikusi da.
Kalera atera diren emakume kolektiboak eta indibidualak oso anitzak izan dira, kontuan hartzen baditugu jatorria, adina, arraza, klasea eta abar. Kalean ez ezik nabarmena izan da aniztasuna hiriburuetan mugimendu feministaren izenean hitza hartu dutenen artean. Mugimendu feministak emakume ororen aldarrikapenak eta zapalketak lehen lerrora ekartzeko ahalegina egin du eta ahotsa hartu dute aniztasun funtzionala duten emakumeek, migratzaileek, arrazializatuek, pentsionistek, ikasleek, sektore feminizatu eta prekarizatuetan lan egin eta astetan greban diren emakumeek. Aurten, inoiz ez bezala, zaintza lanen auziaren alde latzenetakoa bizi duten etxeko langileek ahotsa izan dute.
Eskakizun oso zehatzak egin dira, neurri politiko feminista ausartak egiteko eskatu zaie agintariei. Emakumeak anitzak, eskakizunak ere bai, eta mezua bat eta argia: feminismo antikapitalista eta intersekzionala jarri da oinarrian, gizarte eredu honi uko egin eta bizitza erdigunean jarriko duen gizarte antolaketa eskatu da.
Indar erakustaldia beste behin. Kalera atera den emakume kopurua kalkulatzea zaila da, mobilizazioak oso deszentralizatuak izan dira, baina azpimarra daiteke, herratzeko arrisku handirik gabe, gaur-gaurkoz Hego Euskal Herrian mugimendu sozial sendoena eta trinkotuena dela.
Hego Euskal Herria diogu, Ipar Euskal Herria beste abiada batean baitoa, motel dabilela esan genezake. Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean ere martxoaren 8an emazteak kalera atera dira, baina urrun dira urte luzez mugimendu feministak landu eta antolatu duen Hego Euskal Herriko eztanda kolektibotik.