argia.eus
INPRIMATU
Espainiako armadako gerraontziaren etorrera salatuko dute Getxon
  • Gaur, martxoak 22, ailegatu da Juan Carlos I Espainiako armadako hegazkin-ontzirik handiena Getxora, eta han egongo da 24ra arte. Azaldu dutenez, ontzia bisitatu ahal izango du gura duenak.  
Hiruka .eus Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2019ko martxoaren 22a
Argazkia: revistanaval.com
Protesta ekimenetako baten kartela.

Askapenak, Ernaik, Sortuk eta Algortatik Hankak martxa herritarra antolatu dute gerraontziaren etorrera salatzeko. Martxoaren 23an, zapatua, egingo dute, goizeko 10:30ean Algortako kasinotik Kirol Portura. Idatzi duten adierazpenean azaldu dutenez, "Pertsiar golkoan maniobrak egin eta gero gurera bisitan datorkigun gerra ontziak hemen nork agintzen duen erakutsi nahi digu, eta boterearen kontra altxatzeak ekar ditzakeen ondorioak argi utzi".

Martxaren ostean, elkarretaratzea egitera deitu dute Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak eta Gerra Hemen Hasten Da dinamikak. 11:00etan egingo dute Getxoko Kaian. Diotenez, "bisita hau onartezina da, eta gure arbuiorik tinkoena adierazten diogu, bai gerra erakuskeria honi, bai herri urrunetako gerrekin aberasteko egiten den armen fabrikazio eta salerosketari".

Espainiako Estatutan eraikitako handiena da Juan Carlos I gerraontzia. Guztira 27.000 tonako pisua du, eta 232 metroko luzera. SH-3D helikoptero bat eta bost AV-8B Harrier hegazkin daroatza ontziak, pilotuak, itsas-infanteriako pertsonala eta bestelako langileez gain. Martxoaren 22an, barikua, ailegatuko da Getxora. Udaleko Bozeramaleen Batzordeak ohar bat zabaldu du bere desadostasuna agertzeko. Horren alde bozkatu dute EAJ, PSE-EE, EH Bildu eta Guk Getxo, kontra azaldu dira, aldiz, Ciudadanos/Herritarrak eta PP.

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.