argia.eus
INPRIMATU
Merkataritzaren Munduko Erakundearen gailurra asteazkenean bukatuko da Buenos Airesen, protesta artean
  • Abenduaren 10etik 13ra bilduta dago Munduko Merkataritza Erakundea (MME) Buenos Airesen. Gai-ordenan, besteak beste, nazioarteko salerosketetarako arau berriak adostea eta merkataritza elektronikoaren liberalizazioa daude. Milaka lagunek protesta egin dute gailur osoan zehar, MMEri “herrien eta naturaren espoliazioa” arautzeko helburua baizik ez duela leporatuta.

Unai Brea @unaibrea2 2017ko abenduaren 13a
Argazkia: Fuera OMC.

164 gobernutako 4.000 ordezkari daude Buenos Airesen (Argentina) bilduta abenduaren 10etik, nazioarteko merkataritzaren araudia gaurkotu eta haren liberalizazioa areagotzeko  xedez. Goi-bileraren inguruan sortu den protesta mugimenduaren esanetan, “neoliberalismoaren gobernantzarako” tresna da MME, eta hura berrindartzeko Buenos Airesen egingo duten saiakera desarautze olatu zabalago baten barruan dago.

Hor kokatu behar dira, besteak beste, azken hamarkadetan indarrean jarritako merkataritza askeko akordioak, baita uneon negoziatzen edo ezartzen ari diren beste batzuk ere. Esaterako, Europar Batasunaren eta Kanadaren arteko CETA hitzarmena, momentuz Trumpek tiradera batera bidali duen Europa eta AEBen arteko TTIP, eta EBk berak Hego Amerikako Mercosurrekin Buenos Aireseko gailurra baliatuz sinatzear duena.

MMEren aurkako elkarretaratzea Bilbon, abenduaren 11n. (Arg.: Ecuador Etxea)

Euskal Herrian abenduaren 11n protesta elkarretaratzeak antolatu zituen TTIP/CETAren aurkako kanpainak azpimarratu duenez, akordio horien ezaugarri nagusiak dira arantzelen ezabatzea, transnazionalei erakunde publikoen arauen kontra ekiteko aukera ematen dieten ebazpen auzitegiak, eta erregulazio lankidetza delakoa. Alegia, “merkataritza edota inbertsioaren fluxuari eragin diezaioketen arlo guztien (lan eskubideak, ingurumenaren eta osasunaren babesa...) arauak bateratzea, estandarrak gutxituz beti ere”.

Merkataritza elektronikoa eta, hari lotuta datu pertsonalen babesa izango da Buenos Airesen aztertuko diren puntu garrantzitsuetako bat. Konpainiek datu horiek erabiltzeko ahalik eta oztopo gutxien izan dezaten saiatuko dira MMEko gobernuak, altermundialistek salatzen dutenez.