argia.eus
INPRIMATU
Mizel Dunate (BLE): “Harrapakari guziak hurbiltzen ari dira nekazaritza biologikora”
  • Mizel Dunate, ardi hazlea eta gazta ekoizlea Aiherran (Nafarroa Beherea), BLE Biharko Lurraren Elkartearen lehendakari ere bada. BLEk nekazaritza biologiko edo ekologikoa sustatzen du Ipar Euskal Herrian. Bere elkartearen kezka azaldu du orain jende asko ari delako biologikora hurbiltzen interes komertzial hutsez, biologikoaren jatorrizko izpiritua arriskuan jarriz.

Laborari 2017ko apirilaren 03a
Mizel Dunate BLE elkarteko lehendakariak ardiak hazi eta gaztak ekoizten ditu Aiherrako bere etxaldean. (Argazkia: Idoki)

Biolojikoaren garapenaz arranguratu zirezte BLEren biltzar nagusia kari...

2016an garapen izigarria ezagutu du laborantxa biologikoak, sekula ezagutua ez zuena. Orai arte urtero %5-6ko emendazioa bazen laborarien kopuruan, 2016an %15ekoa izan da, Frantzia eta Europa mailan ere. Mundu mailan ere hein hortakoa da.

Denetarik hurbiltzen dira biologikorat, sektore hortarik hurbil direnak bai eta ere arrunt berriak, saltegi haundiak bezala adibidez. Badira ere biologikoan sartu nahi duten laborariak bainan zuzenki saltzeko prest ez direnak. Hemen ez dugu sobera ezagutzen laborantxa mota hori bainan beste lekuetan garatzen ari da.

Biologikoa hedatzen ari dela berri ona da?

Bai berri ona da bainan batzuk sos iturri bat baizik ez dute ikusten hor. Eta duten ideolgiarekin hurbiltzen badira biologikora, biziki lanjerosa da. Kanpotik sarrarazten dituzte produktuak eta konkurrentzia muntatzen dute, araudien apaltzeko irriskua ekartzen dute ere. Ez gira oraino hortan bainan buruan hartu behar dugu irrisku hori badela.

Orai arte laborantxa biologikoak etxalde ttipiak zaintzen zituela eta bihar irriskuan emaiten ahal dituela diozu?

Orai arte biologikorat pasatu direnak, izpiritu batean egin dute urrats hori: lurrarekilako lotura aldatu nahi zuten, esplotazioarekin gelditu eta lurrarekin bizi, eta hori pasarazi kontsumitzaileeri. Gaur ikusten dugu biologikoa merkatu bat bilakatzen ari dela. Harrapakari guziak heldu dira, laster mugak ere apaldu nahiko dituzte.

Bihar bi laborantxa mota baldin badira bainan biak biologikoan, ez ote da urrats bat aintzina, produktu kimiko guziak baztertuko direlako?

Ingurumenarentzat aintzinatze bat izaiten ahal da (ez badira arauak ahultzen!) gero sozialki besterik da. Kriterio soziala inportanta izan da betidanik guretako.

Euskal Herrian, fenómeno hori ez da sobera agerian?

Ez da ikusten oraindik. Zirkuito luzeetan ari dira laborari batzu ardi esnean, bainan lekuko leteria batzuekin, oraindik hein batetakoak edo ttipiak gelditzen direnak. Ossau Irati sor markarekin ere berez muga batzu badira. Bainan Amikuzeko lur haundietan sortzen ahal da fenomenoa  adibidez. Krisiak ere biologikorat ekartzen ahal ditu laborariak, batzu hortarat pusatuak dira egoeragatik. Behi esnearen krisiagatik, arroltze egiteko tailer haundiak muntatzen ahal dira esnearen ordez edo dibersifikazio gisa, “hors-sol”-ean [granja ereduan] kasik, biologikoko araudiak permititzen dutena. Modela industrialean eta esklabotasun forma batean, beti besteen meneko, bainan biologikoak...

Ipar Euskal Herrian ere laborari bioloigikoen kopurua goiti doa?

Bai emendazio azkarra bada bainan izpiritu onean. Hemen ez dugu senditzen bio oportunistik. Berri ona da. Ardi esnean bada bio esne galde azkarra ere.