argia.eus
INPRIMATU
Mixel Oronoz euskaltzale baigorriarra zendu da
  • Urte luzeetan Euskal Konfederazioko lehendakari eta bozeramaile izandakoa da. Apaiza izanik ere, Eliza katolikoaren jokamoldeak kritikatzeagatik ere ezaguna da Oronoz. 88 urte zituela hil da, eritasun baten ondorioz.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko irailaren 28a
Mixel Oronoz, bere liburuetariko bat esku artean. Argazkia: EH Bai

"Euskararen aldeko militante akiezina". Horrela laburbildu du Euskal Konfederazioak Mixel Oronoz zenaren izana. 88 urte zituela hil da baigorriarra, eritasun batek eramanik.

Ipar Euskal Herriko euskalgintzako eragileak batzen dituen Euskal Konfederazioaren sorreran parte hartu zuen eta lehendakaria izan zen 2000-2002 eta 2009-2015 urteetan. Euskararen ofizialtasuna, Frantziako Estatuak Hizkuntza Gutxituen Europako Karta izenpetzeko eskakizuna zein ikastolen garapena, hainbat aldarrikapen eramandakoa izan da.

Abertzalea eta euskaltzalea, Batera plataforman militatzen aritu zen. Ipar Euskal Herrian euskara hutsean publikaturiko Herria aldizkariko administrazio kontseiluan ere egon zen hainbat urtez.

Idazlea zen Oronoz eta hainbat liburu eta ikerketa plazaratu zituen. Horien artean dugu 2001ean plazaraturiko Oilandoiko ermita eleberria. Ikerketen artean, Ipar Euskal Herriko euskalgintzaren historiaz idatzi zuen 1995ean, Euskaltzaleen Biltzarretik Euskal Konfederaziora artikulua Bat Soziolinguistika Aldizkaria-n.

Eliza kritikatzen zuen apaiza

25 urte zituela apaiztu zen baigorriarra eta nazioartean egon zen apaiz edo irakasle. Urteak pasa zituen Boli Kostan, Turkian, Frantzian eta Belgikan, berriz ere Euskal Herriratu aitzin. Elizaren jarrera gogorki kritikatzeagatik da apaiz ezaguna Oronoz.

Besteak beste, Baionako apezpiku Marc Ailleten jarrera gogorki kritikatzen aritu da azken urteetan, hain zuzen, eskuin-muturreko ideien sustatzailea delako . Enfin Don Aillet vint ("Azkenean Don Aillet agertu zitzaigun") liburua ere idatzi zuen espresuki horretaz. Nola ez, Ailletek euskararen aurka duen jarrera ere salatu zuen behin baino gehiagotan.

Gay eta lesbianei dagokionez, Elizak duen jarrera diskriminatzaileari begira ere kritiko zen. Oro har, Elizaren kutsu kontserbatzailea ez zitzaion gogoko eta ahoan bilorik gabe mintzo zen horren kontra.