Mixel Lekuona atzo arratsaldean hil zen gaixotasun luze baten ondoren. 1930ean Biriatun (Lapurdi) jaioa Agerre Bordan, 1954an apaiz sartu zen. Beti izan zuen amalurrarekiko lotura berezia. Artzain lanean aritua, makina bat aldiz bisitatu zituen Ipar eta Hego Euskal Herriko artzainak. Hazparneko Laborantza Eskolan irakasle eta diruzain lanetan aritu zen. Makeako (Lapurdi) erretore izendatu zuten ondoren, eta han egin zituen 27 urte.
Gizarte gaiez arduratu izan zen eta inguruko herri eta auzoetan gazteentzako lana, abeltzaintza, artzaintza, laborantza, bertsolaritza eta euskalgintza gaiak lantzen zituen, besteak beste. Horren adibide da Bertsularien Lagunak Elkartearen bultzatzaile nagusietako bat izana.
Joxemari Iriondo kazetariak Mixel Lekuona, artzainen artzain liburua argitaratu zuen Lur bilduman 2008an. Sabin Intxaurraga, Iñaki Murua, Pello Esnal, Imanol Lazkano eta Xabier Euzkitzek Lekuonari buruz idatzi zuten.
2005eko Gipuzkoako Artzain Egunean omenaldia egin zioten.