argia.eus
INPRIMATU
Mixel Berhokoirigoinek laborantza “herrikoi eta iraunkorraren” alde egindako lana goraipatu du Laborantza Ganbarak
  • Larunbatean zendu zen Berhokoirigoin Laborantza Ganbararen sortzaileetako bat eta 10 urtez elkarteko lehendakaria izan zela gogoratu du. “Izaitez umila bazen ere, talde lanetan beti preziatu dugu bere analisia, gogoeta, lan egiteko moldea, bai eta ere bere finezia eta umorea”.

ARGIA @argia 2021eko maiatzaren 10a
Mixel Berhokoirigoin eta Laborantza Ganbarako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin, 2013an, bi erakundeek lankidetza mahaia osatu zuten egunean. Argazkia: irekia.eus.

“Mixel Berhokoirigoinen heriotzak penetan uzten du Euskal Herriko Laborantza Ganbara”. Horiek dira Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatuak astelehenean, Berhokoirigoin hil eta bi egunera, zabaldu duen oharraren lehenbiziko esaldia.

Elkarteak oroitarazi du kide ohia Laborantza Ganbararen sortzaileetako bat izan zela, baita lehendakaria ere hamar urtez, eta gogoan izan du hasieratan pairatu zuten errepresioa: “Euskal Herriko Laborantza Ganbarak eta berak ere pertsonalki eraso judizialak jasan zituen, frantses estatuarengandik”. Orduan urratzen hasi zuen bidean berretsi da elkartea: “Historiak erakusten du eta erakutsiko du borroka horiek zuzenak eta beharrezkoak zirela”. Berhokoirigoinek bide hori indartzen egindako ekarpena azpimarratu du, era berean: “Laborantza herrikoi eta iraunkorraren iparrorratza zehazten, ulergarri egiten lagundu zuen. Eta iparrorratz hori ez dugu galduko, segur!”.

Lagun eta senideen “sustengu eta laguntzarik” gabe egin duen lan guztia ezinezkoa litzatekeela azpimarratu du Laborantza Ganbarak. Doluminak helarazi dizkie senideei, eta berarekin lan egin izana “ohore” bat izan dela adierazi du.