argia.eus
INPRIMATU
Mixel Bergouignanentzat txaloak eta txapela Baigorrin
  • Baigorriko eliza gainezka betea zen gorputza ateratzen hasi dutenean. Udaberriko iguzki zuria zelarik kanpoan, bapateko kazkabarra erauntsiaren idurikoa entzun ginuen kalostrapetik. Esku zartaka ari zen jendea eliza barnean, esku zartaka jarraiki dugu kalostrapekoek, eta esku zartaka hartu dute kanpoan zaudenek baita ere, eskerrez eta ohorez Mixel Bergouignan Makeako Baigorriarrari.

Mikel Hiribarren @syndicatELB 2017ko maiatzaren 16a
Mixel Bergouignanen gorpua Baigorriko elizako sarreran maiatzaren 6an. (Argazkia: Mediabask, Twitter bidez)

Berrogoi urte hurbil joan dira. 1980ko martxoaren 26 ikaragarri hartarik berehala zen, Txomin eta Ramuntxo eraman zituen zartaldiaren ondotik hots, bildu baiginen Makea Zuhurtiako ezkaratzean. Ondoko igandean ospatzen zen bazkoz Donapaleun aberri eguna. Baigorriarren eta Itsasuarren ordezkari han ginen beste zenbaitekin, batzu gazte huts eta besteak gutiz zohituagoak, lagun minak galdu baiginituen, ihardoki eta eraiki behar baitzen aitzina. Zuhurtiako ezkaratz hartan bildu gintuen batzu eta besten gogo bihotzetarik Donapaleurat eraman beharko ginituen solasak. Oi ordu latzak ordukoak abertzale ausartzen zirenentzat gure herrietan!

Herioak jo duenetik, goraipatuak izan dira baigorriarraren engaiamenduak bazter guzietarik. Alabainan, senar emazteak lotsagabe eta etsigabe zabiltzan gure herriko hainbeste borroketan, sortzaile edo sustatzaile, kide ala kudeatzaile. Eta Herri Urrats bezperan girenez, bakar bat hemen aipatzekotan, beste milaka burrasok bezala ohargarria euskararen aldeko indarra: nun da herrialde bat haurrek baitakite burrasoek baino hobeki beren kulturak eta nortasunak zimendu daukaten hizkuntza?

Baigorriko eliza atean egon den zahar pizkor hura ere txaloka gogotik ikusi dugu, Mixelen gorputza atera denean elizatik iguzki zuriari. Hor zagon Eskoriatzatik jinik iheslari ohi eta bertsulari adinetakoa Baigorriarraren eskertzeko, ateak zabalik baitziren Zuhurtian kanpoan neguak beltz zirelarik. Xantiren euskaldun txapel zabal haren itzala zor deiagu Mixel hire ibilbide osoaren ordainez. Ez adiorik.