Azken egun hauetan, frantses berrietan, polemika sortu duen afera Nicolas Hulot, trantsizio ekologistaren ministro ohiaren dimititzea izan da. Honek, Frantziako Gobernuan enpresa handiek (lobbyek) duten lekua eta boterea salatu nahian joan da.
Fabien Tomassi argentinarra zendu da. Monsanto –laborantza bioteknologikoan berezitua den enpresa mundialaren– kontra borrokatu zen irudi famatua. Honek, urteak pasa ditu egunero hegazkin-pozoi-hedatzaileen ontziak belar-pozoiez betetzen. Ondorioa, eritasun ezberdinen biktima, bere gorputza pixkanaka ahultzen zen, %80a hunkia izan arte sindrome neurologiko toxiko batzuengatik. Bere lana eta eritasunaren arteko lotura eginik, glifozatoaren aurka borrokatu nahi izan du. Maleruski, ez du lortu Monsatoren aurka auzirik egitea.
Bere aldetik, uda honetan, AEBetako Dewayne Lee Johson-ek Monsantoren aurkako auzia irabazi du. RoundUp eta Ranger Pro-a egunero erabili izan ditu bere lorezain lanean; hauetan, glifozatoa deitu minbizia eragiteaz sumatua den produktua present da. Egun, Johson-eri bi hilabete baizik ez zaizkiola gelditzen errana zaio, sendaezina den minbizia duelako.
Kalteez abisatua izanik ere, duela gutti, frantses diputatuek 3 urteren buruan glifozatoa debekatuko duen legearen kontra bozkatu dute (42 kontra, 35 alde; orotara 577 diputatu izanik).
II. Mundu Gerlatik landa, Europa osoan fite eta masiboki elikadura beharrei erantzun behar izan da. Euskal Herrian, eta Frantzian, laborantza eraginkor bat nahi izanez gero, berrikuntza teknikoak akuilatu dituzte, batez ere kimikoak. 1939an, DDT intsektizida sortu eta, 1945ean, Willaume-ek (produktu berrien lobbystak) Phytoma sortzen du –pestizidak goraipatzeko sortutako egunkaria– Laborantza Ministerioa, INRA (frantses agronomia ikerketa zentroa), FNSEA (laborarien sindikatuen federazioa) eta agronomiako irakasleen sostenguarekin. Denbora laburrez, produktu fitosanitarioek indarra hartzen dute eta plantan emana den sistemak elikadura galde bati erantzutea ahalbidetzen du. Hauekin, produkzioa handitzen da, prezio onean eta langile guttiagorekin. Urtez urte, industrial ikuspegi honek beharrak ase izan ditu.
Rachel Carson amerikar zientifikoak, 60garren hamarkadan deia, bere inguruan fenomeno anormalak obserbatu izan ditu. Hauetan, txoriek kafirak egiteko zailtasunak dituztela eta arrautza kuskuak errazkiago hausten zirela. Fite, pestizidak eta ingurune naturalen kontaminazioaren arteko erlazioa esplizituki adierazi zuen bere 1962ko Silent Spring (Udaberri Isila) liburuan –hots, txorien kanturik gabeko udaberria.
Pestizida industrien erantzuna azkarra izan zen: “ero”, “histeriko”, “lesbiana” eta beste adjektibo anitz erabili izan zituzten Carson-en kontra; des-informazio estrategia bat plantatuz, eta beren produktu kimikoen propaganda eginez.
Hilabete honetan, Charlie Hebdo frantses astekariko 15 kideek, beren biloetan –gorputzean beraz– 140 pestiziden presentzia xerkatu dute. Pertsona bakoitz, 34 eta 50 pestizida artean atzematen ahal zirela ondorioztatu dute. Jatorri ezberdinetako produktuak: laborantza, marexalek erabilitako erremedioak, edo etxeetan erabiltzen diren “anti-intsektu bonbak”. Hauetan, DDT-aren metabolitoak edo chlordane-aren metabolitoak (bakoitza 1972 eta 1981ean debekatuak, bat Frantzian eta bestea Europar Batasunean; bakoitzaren presentziak beren “bizi iraupena” galdekatzen du). Horrez gain, zenbait nahasle endrokrinologikoen presentzia notatua izan da, batez ere bisphénol-a.
Egun, ikerketa ezberdinetan, minbizia eragiteaz 30 produktu sumatuak dira, 40 hormona nahasle direlarik, parkinson eragile, malformazio sortzaile… ; baina ere, biodibertsitatea kaltetzen dutela, espeziak desagerrarazten, lurra kontaminatzen, eta paisaiak homogeneizatzen dituztela baieztatzen dute.
Produktu toxikoen biltegia bilakatu al gara? Hauen presondegi berria? Beherapenetan diren elikagaiak, garbitze produktuak, egurrezko mueble merkeak, bizia errazten duten produktuak dira denak, baina kutsatzen dute ere.
Legeak aldatuko ez direlakoan, Fabrice Nicolino –Charlie Hebdon langilea denak eta Mitxoletak nahi ditugu mugimenduaren lehendakariak –eta beste hamar bat lagunek mugimendu berri bat sortzea deliberatu dute pestiziden debekuaren aldarrikapenez. Jendartearen altxatze pazifikoari deitzen diote, 2 urtez 500 000 izenpedura biltzeko esperoarekin. Hilabetean behin, bakoitza bere eskualdean, pestiziden gaien inguruan ekintza batzuk egin nahi dituzte, jendea biltzeko eta sentsibilizatzeko.
“Birnaturaltze” bat aipatuz, desagertzen ari diren mitxoletak (eta beste hainbat espezie) atxiki nahi direlakoan, zu(e)k ere izenpetu: https://nousvoulonsdescoquelicots.org/.
Prefosta, ez dugu ahanzten gure kontsumitze moldeak indar garrantzitsu bat duela ere.
Martta Irigoien.
"Agroekologia, jendartea eta lurraldea" ikasten ari da.
(Amikuzue. Baxenabarre)