argia.eus
INPRIMATU
Gasteizko etxebizitza sindikatua
Miseriaren aurrean elkartasuna antolatu
  • Gasteizko Etxebizitza Sindikatua 2019ko azaroan sortu zen, bi urte aurretik egindako lanaren ostean: Birjabetze Kolektiboa izan zen lehenago, eta Okupazio Bulegoa horren parte zen. Egungo antolakuntza forma zein honen eduki politikoa, barne eztabaida luze baten emaitza da. Kaleratze baten berri heldu eta espontaneoki hori eragozten saiatzea izan zen lehen ekintza. Gerora jabetu ginen ezin genuela egoera hori modu isolatuan ulertu, gure eginbeharra epe luzekoa zela, eta hori gauzatzeko pausuak ematen hasi ginen.

2020ko martxoaren 26a

Gasteizen etxebizitzaren problematikak gogor astintzen du, eta langile klasearen estratu proletarizatuenei eragiten die modurik gordinenean. Etxebizitza gure diru-sarreren ehuneko handia eskatzen duen merkantzia da eta, beraz, soldata gabeziak zein horren debaluazioak zuzenean eragiten du. Merkantzia hori eskuratzeko gure lan indarra saltzera kondenatuak gaude. Etxebizitzaren problematika gizarte kapitalista den osotasunaren arazo partzial bezala ulertzen dugu. Horregatik, autodefentsarako sare eraginkorra antolatzeak ezinbesteko du bide orri iraultzaile bat.

"Asanblada irekiaren beharra argia da, jendea sindikatura batu eta elkartasuna modu zuzenean eman dadin, arazo indibidualak kolektibizatuz"

Asanblada irekiaren beharra argia da, jendea sindikatura batu eta elkartasuna modu zuzenean eman dadin, arazo indibidualak kolektibizatuz. Bertan elkartzen gara sindikatuko militanteak, aportazio xumeak egiteko prest dagoen jendea, zein esperientzia politikorik ez duena, beharrak erakarrita. Antolatzean, proletargoaren bizi baldintza materialak objektiboki hobetzeko ezagutza eta gaitasunak modu koordinatuan pilatzea bilatzen dugu. Horretarako bigarren organo bat dugu: Koordinadora Politikoa. Bere zeregina Sindikatuaren barne zein kanpo analisia bermatzea eta lan taldeak koordinatzea da. Lan taldeetan banatuz eraginkortasuna ziurtatu nahi dugu: auzolanetarako ezagutza teknikoa zein ezagutza juridikoa garatu, erresistentzia kutxa kudeatu, eta abar.

Militantziak politikoki kontzientea izan behar du. Bizi dugun testuinguruarekiko kritikoak izan ahal izateko, oinarrizko kategoria marxistak ulertzea ezinbestekotzat dugu. Etxebizitza Sindikatuaren antolakuntza forma ezagutzea eta honen garapenaren zergatiak ulertzea ere beharrezkoa da, horrek estrategia eta taktikarekin duen harremana ulertzeko. Desjabetuon Eskola ahalbidetzen du militanteek klase kontzientzia garatzeko beharrezkoak diren elementu teorikoak barneratzea.

Hala ere, formakuntzaz ari garenean zerbait konplexuagoaz ari gara. Ez da ariketa mental baten ondorioz maila teorikoan bakarrik ematen den ideien antolaketa koherentea: praktikarekin harremanetan dago. Ezin da teoria garatu esperientziarik gabe, eta praktikak beti du bidean galtzeko arriskua bere norabidea behin eta berriro kritikatzen ez bada. Horregatik da kritika eta autokritikaren kultura elementu garrantzitsua Sindikatuaren eduki politikoan. Ulertzen dugu kolektiboki ematen ditugun pausu guztiekiko perspektiba kritikoa izan behar duela militante bakoitzak: pausu bakoitza ulertu, akatsak aurkitu eta proposamenak garatzeko gaitasuna.

" kritika eta autokritikaren kultura elementu garrantzitsua Sindikatuaren eduki politikoan"

Kolektibo eta norbanakoaren arteko harremana gero eta sendoagoa izan dadin barne mailako kritikarako mekanismo konkretuak garatu eta sakontzeari oso garrantzizkoa deritzogu. Bidea ireki eta helburuak lortzeko militantzia diziplinatua izan behar duela ulertzen dugu. Aktibismoa gainditu eta konpromisoz jokatzeko militante ororen izaera deseraikitzea ezinbestekoa da. Kapitalismoak eraikitzen dituen izaera indibidualista, egoista zein zapaltzaileei aurre eginez, eta klaserik gabeko gizarteak behar dituen subjektu iraultzaileak eraikiz.

** Poema hau Militantzia eredu zahar-berriak agertoki ezezagunetan Larrun monografikoan 251. alearen parte da.