Lea-Artibaiko Kontseilu Sozialistak martxan jarritako Lekeitioko Elkartasun Biltegiak kanpaina bat abiaraziko du biltegiaren proiektua gizarteratzeko eta sarekide kopurua handitzeko.
Zer dela eta abiarazi zenuten proiektua? Ze hutsune ikusi zenituzten?
Eneko Urkiaga: Ez gatoz hutsune bat betetzera bakarrik. Langileriaren pobrezia estrukturala krisi garaietan areagotu egiten da, eta sistema honen gordintasuna ikusten da momentu horietan batez ere. Oinarrizko bizitza bitartekoak (etxebizitza, janaria, argia…) eskuratzea ukatzen ari zaizkigu gero eta gehiago, eta horri erantzuteko osotasuna aztertzen eta aldatzen duten proiektuak martxan jartzeko beharrizana ikusten dugu. Beraz, dagoen behar bati erantzuten diogun arren, langileon arteko kontzientziazioaren eta antolakuntzaren bidez, miseria hau sortzen duen osotasun kapitalista gainditzeko prozesuan ekarpena egitea da proiektu honen asmoa.
Zer eskaintzen duzue?
Anthony Alulima: Langileriaren baitako kaparik pobretuenak oinarrizko eta kalitatezko produktuetara eta janarira duen sarbide murritzaren aurrean, langileon antolakuntzarako oinarri bat sortzen hastea. Eta horretarako, eskubide eta betebeharren logika batetik abiatu beharra ikusten dugu, beti ere, oinarria konpromiso kolektiboan izanda. Beraz, elikagaien hartzaile direnak ere «sarekide» bihurtzen dira. Hau da, beraiek ere parte hartzen dute bilketetan eta bestelako lanetan. Helburua da ulertzea guztion miseria egoera errotik aldatzeko konpromiso kolektiboa behar dugula, eta bakarrik norbere egoera zehatza hobetzeak ez duela egoera orokorra aldatzeko balio.
Erantzuna zelakoa ari da izaten?
A.A.: Orokorrean erantzun ona eduki dugu; kideen kopurua etengabe doa gorantza. Hala ere, askotan kostatu egiten da logika merkantila gainditzea eta elkartasunaren printzipioaren baitan antolatzea eta funtzionatzea. Zoritxarrez, guztiok gaude ohituta truke-harremanen bidez funtzionatzera, eta biltegiaren proiektuak printzipio horiek eraldatzeko aukera ere ematen dio parte hartzen duen guztiari.
Horrelako egitasmoen gero eta behar handiagoa dago?
E.U.: Bai, ikusten da langileriak bizitza baldintzak asetzeko gero eta zailtasun handiagoak izango dituela, beraz, oinarrizko beharrak eskuratzea gero eta zailago izango dela gero eta jende gehiagorentzat. Orduan, proiektu hauen beharrizana handitzen joango dela ikusten dugu, baina beti ere «gauzen egoera» gainditzeko konpromiso irmoa bere egiten badute, bestela, bidegabekeria hau betikotzen ariko ginateke.
Ez al duzue uste administrazio publikoari «mesede» egiten diotela herritarrek herritarrei laguntzeko sareak sortzea?
E.U.: Laguntza sare hutsa izango balitz bai. Baina gure motibazioa ez da estatuari honetara bideratu behar lituzkeen diru sailak aurrezten laguntzea, estatua bera, burgesiaren aparatu politiko kolektiboa baita, miseriaren konplize eta sustatzailea, ez inoren salbatzailea. Garrantzitsua da ikustea proiektu edo dinamika bakoitzak zein botere mota elikatzen duen. Gure indar-metaketa eredua hain justu ere botere kapitalista gainditzeko bidean kokatzen dugu: beharrak asetzeko lana egitearen bidez, behar horiek egongo ez diren gizarte batera bidean batzen ditugu indarrak.
Nola antolatzen zarete?
A.A.: Biltegiaren egunerokoaz arduratzen den talde zentral bat dago, eta hainbat motatako zereginak egiteko konpromisoa du-en sare bat. Sare horren bidez egiten dira, esaterako, astero janari eta produktuen bilketak Eroski eta Dian. Bestetik, sare horretako kide guztiek eskubidea dute hilabetearen amaieran janari otzara bat jasotzeko.
Zenbat boluntario daude proiektuan? Eta zenbati ematen diezue zerbitzua?
E.U.: Ez dugu bereizketarik egiten zerbitzua hartzen dutenen eta zerbitzua ematen dutenen artean. Ez dugu «zerbitzu» gisa ulertzen egiten duguna, zerbitzua norbaitek besteentzako egiten duena baita. Gure kasuan denon lana da hilabete amaieran janaria hartzea ahalbidetzen duena. Beraz, denok daukagu boluntario izateko betebeharra eta otzara hartzeko eskubidea. Momentuz, 40 bat pertsonak daukate beharrizana oinarrizko produktuak jasotzeko. Sarekide guztiak kontatzen baditugu 60 bat pertsona gaude proiektuan.
Laguntza behar duenak zer egin behar du zuekin harremanetan jartzeko?
E.U.: 688 75 64 91 telefono zenbakira deitu edo WhatsAppez idatzi dezake. Proiektua ulertuta eta printzipioekin ados egonda, sarekide izan daiteke.
Udan Batek gose diraueino ez gara asetuko kanpaina abiaraziko duzue. Zertan datza?
A.A.: Helburua da biltegiaren proiektua gizarteratu eta honen beharrizana sortzen duen miseria kapitalistaren salaketa egitea. Gure helburua da sarekide kopurua handitzea. Izan ere, zenbat gehiago izan, antolakuntza gaitasuna eta, beraz, indar politikoa handitu egiten baita.
Harpidetza kanpaina ere egingo duzue. Zer lortu nahi duzue harpidetzen bidez?
A.A.: Harpidetzekin biltegiak dituen gastu erregularrei erregularra izango den diru kantitate bategaz erantzun nahi diogu. Harpidetzekin biltegiaren bilakaera partekatzeko aukera zabaltzen zaigu. Parte hartzeko modu desberdinak daude.