Gaur igandea da. Hilak hogeita bat bete dituen honetan gure etorkizuna erabaki nahi dugu. Horretarako euskal hiriburuetan egun osoko egitaraua antolatu da, goizeko ehuntze lanek arratsaldeko ekitaldiari bidea ireki diotelarik.
Donostian gaude eta arratsaldeko bostak izanik Anoeta inguruan bildu gara. Burutik pasa zaidan lehena estadioaren erabilerarena da. Hau sarrerako boluntarioaren eskuetan utzi ditudan hamar euroekin lotu dut agudo. Dirua? Bai, gastuak kubritzeko da. Ondo. Ez, ez hain ondo. Beharrezkoa da estadio pribatu bat alokatzea horrelako ekintza bat burutzeko? Ez da kalea bera herritarren sinbolo nagusia, gure ekintza sortzen den espazioa?
Ekitaldia hasi da dagoeneko. Txuri urdin txuri urdin joka hasi dira donostiarren pozerako. Zerikusi handia dute futbol talde baten ereserkiak eta erabakitzeko eskubideak. Gero Donostiako martxa jo dute. Bikain. Segidan gure esku dagoela bota dute behin eta berriz. Baino, gure esku zer? Gure esku gauza asko egon daitezke: nazio bat garen erabaki ahal izatea, nazioa garela aldarrikatzea, nazio askapena, Amstel enpresaren etekinak handitzea, etab. Gauza desberdinak dira, eta ekitaldian ez dira argitu. Honen harira, ekitaldiak duen despolitizazio saiakera igarri da. Euskal panorama politikoak betidanik izan duen izaera polarizatua ezkutatu da, garai berri, herri zoriontsu eta bake bezalako terminologia tristearekin, ditugun mutur politikoak garden bilakatu nahian.
Ekitaldiaren une indartsuena heltzear zen eta mok mok entzun dut. Txiribiton, Txirri eta Mirri. Hori da hori umorea sortzeko dohaina. Pentsatzen erakutsiko digutela iragarri eta lortu, haiek oihu zentzugabe bat bota eta guk ondo pentsatu ondoren (ikus bideoa berriro, merezi du) errepikatu egin behar dugu. Oso esperimentu interesgarria, zorionak Mirri, batez ere bota duzun ulua zinez pentsagarria delako. Algara batzuk atera zaizkigu, ez baina pailazoen jardun onarengatik. Espektakulua izan da ekitaldiaren motorra, oinarria. Espektakularizazioak edozein mezu politiko gainditu du, esandako oro hutsala izanik. Seguru aski Tajon Prieto y los Kuajalostes taldearen kontzertua izan zen politikoki indartsuena egun osoan zehar.
Bi ordu eta erdi eguzkitan igaro ostean, gogamena zaborrez gainezka jaitsi ditut estadioaren eskailerak idazle argentinar baten gomendioak aintzat hartuz, azkar bezain lelo. Tiket mordoa erosi eta garagardoa edan dut ase arte, beno, karpak itxi arte, tiketak soberan baititut eta. Diruaren zentzu kapitalista ezkutatzen duten papertxoak poltsikoan egin dut buelta etxera, Mirriren esperimentua nola hobetuko nukeen pentsatuz, baldin eta posible bada.
* Andoni Olaetxea soziologia ikasketak egiten ari da