argia.eus
INPRIMATU
Miren Peñaren heriotzari kalean erantzungo diote aste osoan
  • Miren Peña 43 urteko antsoaindarrak bere buruaz beste egin du, Laboral Kutxak bere hipoteka birnegoziatzeko aukera ukatu dionean.

Iruñe Astitz Larunbe @arkkuso 2015eko martxoaren 23a
Iruñerrian zehar gertakaria salatzen duten margoketa eta pankarta ugari agertu dira

Peña "Bankuen eta erakundeen politika bidegabeen biktima bat" dela adierazi du hipotekak Kalteturiko Pertsonen Nafarroako Plataformak (PAH-Nafarroa),

Mikel Otazu,  PAH-Nafarroako kideak SER irrati katean azaldu duenez, 2013an kaleratu zuten arte Mirenek Faurecia enpresak Orkoienen duen lantegian egin zuen lan. Langabezia laguntza agortu zitzaiola eta hipotekari aurre egin ezin ziola ikusita, PAH-Nafarroako kideengana jo zuen laguntza bila.

Otazuk adierazi duenez, plataformako abokatuek lagundurik Laboral Kutxara joan zen hipoteka birnegoziatzeko eskatzera. Laboral Kutxak, ordea, joan den ostiralean jakinarazi zion ez zegoela birnegoziatzeko prest. Larunbatean Peñak bere buruaz beste egin zuen.

Otazuren ustez Miren bankuen eta erakundeen politika “bidegabeen” biktima da: "Berak lan egin nahi zuen, baina bota zuten. Berak hipoteka ordaindu nahi zuen, baina ito dute. Hipoteka birnegoziatu izan balute, hilean 80 euro ordaintzea onartu izan baliote, aurrera eginen zuen, baina ez diote utzi".

"Lana eta etxebizitza denontzat" lelopean mobilizazioak deitu dituzte aste osorako. Astelehenean, 12:00etan kontzentrazioa Buztintxuriko Kutxa Laboralaren bulegoaren aurrean. Asteartean, 19:00etan Antsoaingo Udaletxeko Plazan elkarretaratzea. Asteazkenean, 10:00etan Orkoiengo Udalaren parean kontzentrazioa, barruan osoko bilkura egin bitartean eta 11:15ean Orkoiengo Faurecia enpresaren lantegiaren aurrean. Bukatzeko, larunbatean 18:00etan  manifestazioa eginen dute Iruñean .