argia.eus
INPRIMATU
Miren Larrion: “Momentu pertsonal zail batean, soluzio okerra bilatu dut”
  • Lankide baten txartela erabiliz kontu bat sortu eta “diru kopuru txiki bat” sartu zuela onartu du Miren Larrionek, “noizbait behar izango banu erabiltzeko”. “Akatsa izan da. Momentu pertsonal zail batean, hasieratik okerra izan den soluzioa bilatu dut”, adierazi du EH Bilduko Gasteizko Udaleko bozeramaileak, dimisioa aurkeztu ostean.

ARGIA @argia 2021eko otsailaren 23a

“Hori egiteko izan ditudan arrazoiak lankideari azaldu eta ulertuko zituelakoan egin dut, eta halaxe adierazi diot. Baina bere konfiantzaz abusatu nuela argi dago, eta nire azalpenak ez zirela garaiz iritsi”, dio Twitter bidez.

Erabili duen dirua berea dela argitu nahi izan du Larrionek, gai pertsonal baterako. “Zergak behar bezala ordaindu ditut eta ez dut inongo betebeharrik saihestu”. Dirua gordetzeko kontua ireki izanaren arrazoiak guztiz pertsonalak direla eta epaiketan azalduko dituela gehitu du.

Gertatutakoaren ardura bere egin du idatzian eta “nire akats pertsonalak ez dezan EH Bildu ez Gasteiz kaltetu” dimisioa aurkeztu du Miren Larrionek.