argia.eus
INPRIMATU
Miren Iriarte Oyaga itzultzailea zendu da
  •  Hainbat literatura-lan itzuli izan ditu euskarara nahiz gaztelaniara. 44 urte zituela hil da itzultzaile nafarra.

2022ko abuztuaren 10
Miren Iriarte, eskuinekoa, Erein eta Igela argitaletxeekin plazaraturiko Proleterka esku artean (Argazkia: Erein)

Nazioarteko idazle ezagun batzuen liburuak itzuli izan dituen Miren Iriarte Oyaga nafarra zendu da agorrilaren 9 honetan. Besteak beste, 2018an euskarara ekarri zuen Fleur Jaeggy suitzarraren Proleterka eta Elena Ferrante italiarraren Ihesi doana eta gelditzen dena 2016an.

Euskaraz idatziriko obren itzulpenei dagokionez, Danele Sarriugarteren Erraiak eta "Zirriborroak eta gero" proiektuaren baitako azken honen ipuina ere itzulitakoa da Iriarte Oyaga. Samara Velteren Nik sinesten dizut eta Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik: emakume bertsolarien testigantzak ere gazteleratutakoa da.

2001az geroztik lan horretan ibilitakoa –tartean hamalau urtez Iruñeako Udalarentzat–, aurretik kazetaritzan ere ariturikoa da. Kazetaritzan lizentziaduna Euskal Herriko Unibertsitatean (2000), Itzulpengintza Masterra EHUn eta Literatur Itzulpengintzako Graduondokoa Pompeu Fabra Unibertsitatean egin zituen.

EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartean ere aktibo izandakoa zen, tartean,  Zuzendaritza Batzordetik 2013-2014 urteetan.

Iazko otsailean, Itzulpengintzan berezituriko Vasos Comunicantes komunikabideak elkarrizketatu zuen Elena Ferranteren liburuen itzulpena estakuru harturik. 44 urte zituela eman du azken hatsa itzultzaile nafarrak.