argia.eus
INPRIMATU
Miren Azkaratek “De Miguel” auzian deklaratu dezala eskatu du akusatuetako batek
  • “De Miguel” auziko epaiketaren bigarren egunean aurreneko ika-mika sortu da bi auzipeturen artean. Hain justu, Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendaria izandakoaren eta Gurutz Larrañaga Kultura saileko bigarrenaren artean.

Andoni Mikelarena @andonimik 2018ko urtarrilaren 10
Arg: PRADIP J. PHANSE

EAEn sekula izan den ustelkeria auzi handienaren epaiketan, 150 pertsona baino gehiagok deklaratu beharko dute. Zerrenda horretara beste pertsona bat gehitzeko eskatu du Gurutz Larrañagaren abokatuak: Miren Azkarate Kultura sailburua izandakoa.

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailak esleitutako kontratu irregularren inguruko adarra lantzen hasi dira epaiketan, - auziaren tamaina ikusita, epaiketa bera hamabi adarretan banatzea erabaki baitzuten epaileek- Fiskaltzak uste du Kultura sailak esleitutako zenbait kontratu, Arabako EAJko bigarrena zen Alfredo de Miguelen sarea finantzatzeko erabili zirela.

Ekintza horien ardura Xabier Sanchez Robles Eusko Jaurlaritzako Gazteriako zuzendari izandakoaren eta Gurutz Larrañaga Kultura saileko bigarrenaren gain jarri ditu, horregatik 18 eta 17 urteko espetxe zigorra eskatu du hurrenez hurren.  

Akusatuek ,ordea, ez dute ekintza horien gaineko ardura beren gain hartu nahi. Bi auzipetuen abokatuen artean- ika-mika sortu zen astearteko saioan, ardura hori norena zen erabakitzerakoan. Batak besteari egotzi zion ardura. Azkenean, Gurutz Larrañagaren abokatuak Miren Azkarate Juan Jose Ibarretxeren garaian Kultura sailburu izandakoaren agerraldia eskatu du, departamentuaren funtzionamendua azaldu dezan.