argia.eus
INPRIMATU
Miren Azkarate
“Torturen arduradun guztiek egin dutena onartzea nahi dut, besterik ez”
  • Joan den ostiralean bete egin zuten Emakumeen Etxeko aretoa Nik sinisten dizut: emakume torturatuen egia hitzaldia entzutera joan ziren ikusleek.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2018ko azaroaren 13a
Argazkia: @irutxulo

Foro Sozial Iraunkorrak eta Antxeta irratiak antolatutako mahai inguruan, torturatuak izan diren hiru emakumek jasandako torturen testigantzak egin zituzten: Miren Azkarate Badiolak, Kristina Gete Etxeberriak eta Leire Gallastegi Ormazabalek.

Laura Pego abokatua eta Kriminologiaren Euskal Institutuko ikertzailea izan zen testigantzak testuinguru teorikoan kokatzeko arduraduna, eta erakutsi zuen nola patroi bera jasan duten torturatuak izan diren emakume gehienek. Euskadin gertatutako tortura eta tratu txarrak ikertzeko proiektua (1960-2014) txostenaren egileetako bat da Pego, eta dokumentuaren ondorioetan oinarrituz, tortura kasuen genero interpretazioa egin zuen. Ikerketak generoaren arabera tortura motak desberdinak direla erakutsi duela azaldu zuen Pegok, eta Azkarate, Gete eta Gallastegiren testigantzek ere agerian utzi zuten hori.

Abokatuaren hitzetan emakumeek “bultzakada gehiago, iletik tira egite gehiago, indarkeria sexual gehiago eta umiliazio gehiago” jasaten dituzte. Era berean, tortura mota komunen artean “paroa” dago, eta ordu askotan horma baten aurrean zutik egotean datza. Ohikoa da baita ere, torturatuei senideei gauza txarren bat pasako zaielako mehatxua egitea. Pegok nabarmendu zuen giza eskubideen urraketan genero ikuspegia izatea ezinbestekoa dela; hala ez izanez gero, “biktimen parte bat alde batera uzteko arriskua” dagoelako.

Nekane Altzelai izan zen, Foro Sozialaren izenean, mahai inguruari amaiera emateko arduraduna. Baieztatu zuen Pegok aurkeztutako torturaren txostena “mugarri behar dela izan, biktimek merezi duten aitortza instituzionala gauzatu dadin”. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu zien torturaren aitortzarako lagungarri diren egitasmoak aurrera eramateko beharrezko baliabideak jartzen jarraitzeko. Gatazka politikoaren testuinguruan gertatu den emakumeen kontrako indarkeria “bereziki krudela” izan dela aitortu zuen, eta horren arrazoia jendartea gurutzatzen duen egiturazko indarkeria matxista dela gaineratu zuen. Gainera, biktimen testigantzak entzutea «aitortzarako potentzial izugarria duen tresna» dela esan zuen, eta beharrezkoa dela “torturaren drama sozializatzea”, bermatzeko horrelako beste ezer ez dela errepikatuko etorkizunean.

Hona hemen Miren Azkarateren hitzak jasotzen dituen bideoa:

Albiste hau Irutxuloko Hitzak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.