Adineko emakume bat du protagonista nagusi istorioak, eta zaintzen inguruko gatazkak hizpide.
2017an irabazi zuen Amurizak Igartza saria, Beasaingo Udalak, Elkar argitaletxeak eta CAF enpresak urtero ematen dutena. Asteazkenean aurkeztu zuen sariaren laguntzaz landutako “Basa” eleberria, Donostian. Bertsolariak, aurretik haur eta gazte literaturan ibilia bada ere, hauxe du helduei zuzendutako lehen lana.
Sabina izeneko adineko emakume baserritarra du protagonista nagusi eleberriak. “Andra basa bat”, egilearen hitzetan. Hortik lanaren izenburua. Istorioak Sabinari egindako ebakuntza bat du abiapuntu, zeinak zaintzaile izatera ohitutako andrea zaindu paperean jarriko duen, gatazkari bide emanez. Ordura arte bere koinatua zaindu izan du Sabinak, “agentziatik” zaindu ere. Baina bere seme-alabengandik zaindua izatea dagokionean, kontroletik biziko du zaintza. Egoerak talkak sortuko dizkio protagonistari.
Paperezko txoriak zuen izena Amurizak Igartza sarietara aurkeztutako literatura proiektuak, eta izenburuaren aldaketak aditzera ematen duenez, hasierako asmotik dezente aldendutako eleberria da aurkeztu berri duena. Proiektua aurkeztu zuenean, bai bere lekua zein helmugatzat jotakoa oso ezberdinak zirela azaldu du egileak, eta emaitza xedatutakoaren oso ezberdina izatea eragin du horrek. Hasiera batean buruan zuen ideiak marko zabalegia zuela ikusi du bidean, eta soilketa lan bat egin behar izan duela azaldu du. Alde horretatik, idazketa prozesua “apaltasun lezio” gisakoa izan duela aitortu du, baita ikasketa eta esperimentazio iturri ere.