Miren Agur Meabe idazleak Xabier Kintanaren hutsartea beteko du Euskararen Akademian. Bera izango da sorreratik akademiak izendatutako 95. euskaltzain osoa.
Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian egin den Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Xabier Kintana emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Miren Agur Meabek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengoa.
2021eko urrian euskaltzain emeritu izendatu zuten Xabier Kintana euskaltzain osoa. 2022ko urtarrilaren 28an amaitu zen hutsune hori betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek —Miren Agur Meabe, hain zuzen— eta ostiraleko bilkuran idazle bizkaitarraren aldeko hautua egin dute.
Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du euskaltzain lekeitiarrak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera-ekitaldia egingo diote.
Irakasle-ikasketak eta Euskal Filologia ikasi zituen Miren Agur Meabek, eta irakaskuntzan eta testu-liburugintzan aritu zen urte askoan. Gaur egun, helduentzat nahiz haur eta gazteentzat idazten du, bai prosa bai poesia. Kritikaren saria jaso zuen 2001ean eta 2011n, Azalaren kodea eta Bitsa eskuetan poema-liburuengatik; eta Euskadi saria hiru aldiz erdietsia da, Itsaslabarreko etxea (2002), Urtebete itsasargian (2006) eta Errepidea (2011) gazte-nobelei esker. Mila magnolia-lore albuma 2012ko IBBYren Ohorezko Zerrendan ageri da, eta 2021ean Espainiako Poesia Saria irabazi zuen, Nola gorde errautsa kolkoan lanagatik. Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2006an, ibilbide oparo horren esker onez.
1918tik 2022ra, 95 euskaltzain oso
Gaur egun, hogeita lau euskaltzain osoz, zazpi euskaltzain emerituz, ia 150 bat euskaltzain urgazlez eta 68 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 95 dira Akademiak 1918tik gaurdaino izendatu dituen euskaltzain osoak.
Hona hemen gaur egungo hogeita lau euskaltzain osoen zerrenda: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Andoni Sagarna, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Mikel Zalbide.
Eta hauexek dira egungo emerituen izenak: Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.