argia.eus
INPRIMATU
Minuturo hamaika pertsona hiltzen dira gosez munduan
  • OXFAM erakundeak txosten baten plazaratu ditu elikadura pobreziari buruzko azken datuak. Koronabirusak, larrialdi klimatikoak eta gerrek asko okertu dute egoera.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko uztailaren 13a

Gosearen birusa bikoizten ari da izeneko txostenean OXFAM erakundeak zabaldutako datuen arabera, azken urtean zehar, elikagaien prezioa %40 hazi da. Igoerak oinarrizko jakiei —zerealak, azukrea, haragia, olioa eta esnekiak— ere eragin die.

Baina baliabide ekonomiko faltaz gain, beste arazo gehigarri batzuk ere badaude gosearen atzean. OXFAMek koronabirusari, larrialdi klimatikoari eta gerrei egozten die nazioartean desnutrizio tasa hazi izana. 

2020. urtean, gerrak 22 milioi pertsona utzi zituen janaririk gabe 23 herrialde ezberdinetan; egun, guztira, 100 milioi biztanle daude egoera horretan, gatazken ondorioz.

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, datu horiek berretsi ditu Munduko elikadura segurtasunaren egoera eta nutrizioa txostenean. Bertan adierazi dute 2020an biztanleriaren %9,9 desnutrizio egoeran zegoela, 2019an baino 161 milioi pertsona gehiago. Bereziki Asia, Afrika eta Latinoamerikan biltzen dira datu horiek.