argia.eus
INPRIMATU
Mintzapraktikaren 30. urteurrena ospatuko dute maiatzaren 27an Donostian
  • Bagera euskaltzaleen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egun osoko egitaraua antolatu dute. Donostian sortu zen Mintzapraktika duela hiru hamarkada, eta gaur egun 7.000 lagun baino gehiagok hartzen dute parte egitasmoan.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko maiatzaren 09a
2006an ospatu zen lehen Mintza Eguna, Iruñean, eta ordutik urtero antolatzen dute. (Argazkia: Euskaltzaleen Topagunea)

Mintzapraktikak 30 urte bete dituela ospatuko dute maiatzaren 27an Donostian, Mintza Eguna topaketan. Bagera euskaltzaleen elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak egun osoko egitaraua antolatu dute. Besteak beste, bertsoak, haurrentzako ekintzak, erromeria eta solasaldia egongo dira. 2006an ospatu zen lehen Mintza Eguna Iruñean, Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta. Ordutik, urteroko topaleku bihurtu da.

Parte hartzeko izen ematea maiatzaren 21 arte egongo da zabalik, eta bi autobus ere antolatu dituzte Donostiara joateko. Bat Algortatik abiatuko da, eta, Bizkaiko hainbat eskualde igarota, Debagoiena eskualdetik barrena iritsiko da. Bestea, berriz, Izarratik abiatuko da, eta Murgia eta Gasteiz pasa ostean Debabarrenatik igaroko da. Bazkaria ere eskainiko dute, eta autobuserako eta bazkarirako txartelak mintzalaguna.eus webgunean daude salgai.

Mundu osoko 7.000 lagun

Mintzapraktika Donostian sortu zen duela hiru hamarkada, Bagera euskaltzaleen elkarteko eta euskaltegietako sei ikasle elkartu zirenean. Gaur egun, 7.000 pertsonatik gora elkartzen dira astero Mintzapraktika egiteko, horietatik 900 Iruñerrian. Hainbat zaletasun eta ezaugarritara egokitutako programak dituzte martxan: gurasolaguna, parkelaguna, mendi taldeak, hikalaguna, mintza ibilaldiak eta paseoak, mintzaboxeoa, emakume taldea edota abesbatza.

Internet bidez munduko txoko askotako pertsonek ere badute euskara ahoz praktikatzeko aukera, Mintzanet eta Jalgi Hadi Mundurari esker. Egun, Ozeania, AEB, Frantzia, Mexiko, Irlanda, Argentina, Uruguai, Txile, Espainia eta Erresuma Batuko hainbat kidek hartzen dute parte.