argia.eus
INPRIMATU
Mintzalasai ekimena gero eta hurbilago BABn
  • Heldu den irailaren 23tik 29ra, euskararen aldeko ekitaldiak izanen dira Baiona, Angelu eta Biarritz (BAB) hirigunean. Euskararen inguruan bizi eta aritzen diren eragileak jo eta ke ari dira.  

Mikel Asurmendi @masurmendi 2019ko irailaren 13a
Iaz, Mintzalasai ekimenaren azken eguna, Biarritzeko Marion aintziran izan zen.

“Zazpi egunez, plazer handiz elkar kausitzeko eta euskara partekatzeko parada izanen dugu. Uste baino gehiago girelako!”. Horra hor Mintzalasai ekimenaren bultzatzaileen lema. Gotorra eta bizia. Uste baino gehiago baikara euskaldunok, prefosta.

Alabaina, erdal itsasoan euskaraz mintzo diren “ur tanta” anitzen gisara bizi gara. Jendea elkarraraztea da kontua, itsasorik ezean urtegi zabal eta sakona osatzeko. Beraz, elkarlanerako deia egin dute antolatzaileek: “Hamarnaka eragile ari gara jada lanean. Aste horretan barrena eginen diren ekintzetan 150 laguntzaile xerkatzen ditugu, muntaketarako, ostaturako, apainketarako edo bestelako lan txandetarako. Lagundu nahi duen orok web atarira jo dezake”

Mintzalasai taldeak hainbat argitalpen eman ditu ezagutzera eta irailaren 23tik 29ra bitartean eskuratzeko parada izan dute parte-hartzaileek: hala nola, sakelako hiztegien bilduma berria, BABeko euskarazko aktibitateen gidaliburua, eta Besta euskaraz kitaren euskarriak eta hiztegi berria.

Irailaren 28an larunbata izanen da egunik entzutetsuena, Seaskaren 50. urteurrena kari, bazkaria izanen da. Unama eta Montauk taldeek kontzertua emanen dute. Igandean berriz, amaitzeko, euskaltzaleek ekitaldi handiena eginen dute, familian eta lagun artean euskaraz zabal eta sakon mintzatzeko.