argia.eus
INPRIMATU
Mintza gaitezen faxismoaz

Aitor Irigoien Odriozola 2022ko ekainaren 03a

1998an Heinz Dieterich eta Noam Chomsky idazle eta analista handiek Hablemos de terrorismo liburua idatzi zuten, benetako terrorismoaren berri emateko, eta horrela, botereak zein komunikabideek hitzari ematen zioten erabilera okerra eta asmo txarrekoa agerian uzteko. Oraingo honetan, nire asmoa ere benetako faxismoari buruz zerbait idazten saiatzea litzateke…

Izan ere, asko amorratzen naute jarrera faxistek zein halakoak dituzten pertsonek. Gero eta zailagoa egiten zait euren jarreren aurrean isilik edo geldi geratzea: eurena besteei inposatu behar triste hori, gainontzekoak baino gehiago izatearen ustea, errespetu falta, indarkeriaren erabilera, mehatxuak… Eurekiko desberdina (eta ia beti ahulagoa) den ororen aurka jo behar hori: homosexualak, emakumeak, beste arrazak, pobrezian bizi direnak, beste hizkuntzak, desgaitasunen bat dutenak, etxegabeak, gainontzeko erlijioak, gizenak, betaurrekodunak… edota besterik gabe irri eginez zoriontsu bizi dena… Guztiak daude (gaude) euren jomugan, denak izan daitezke (gaitezke) euren biktima. Gero eta adibide gehiago daude, gero eta gertuago.

Batzuk, faxismoaren mugimendua nolabait justifikatu nahian, iraganeko kontu eta terminoak direla esan ohi dute. Zoritxarrez, iraganaz gain, oraina ere baduen arazo larri baten aurrean gaudela iruditzen zait niri.

Badira oraindik euren iragan hurbil faxistarekin eten ezin duten herrialde/gobernuak. Edota eten nahi ez dutenak. Zerrenda luzea osa genezake: Espainiako Estatua, Italia, Alemania, Austria, Hungaria, Polonia edota Israel bera (faxismoaren biktima nagusietako bat izatetik, faxismoaren adibide gorenetako bat izatera iritsi dena).

"Horixe da gerta dakigukeen okerrena. Jarrera faxistak pixkanaka bertan sustraitzea, zeharka bada ere onartzea, nolabait justifikatzea"

Espainiako Estatuaren kasuan, ebidentea da oraindik ere frankismoarekin eten ez duten botere egituren menpe dagoela, liburuetan frankismoa aspaldi bukatu zela saltzen diguten arren… Frankismoaren erantzuleetako inor ez da epaitua izan, ez da barkamen eskakizunik egon, eta lehen boterea zutenen jarraitzaileak daude egun aginduak ematen… Egun batetik bestera, frankista izatetik demokrata izatera pasatakoak, beste ezertxo aldatu gabe… Antzeko kasua da Italiarena, edota eskuin muturra gobernuan dagoen Europa Erdialdeko beste hainbat herrialderena ere… Ezin gutxietsi daiteke arazoaren dimentsioa.

Ageriko kasu horiez gain, bada hamarkada luzez erregimen faxistak sustatzen edo laguntzen diharduen potentzia erraldoi bat ere. Demokraziaren izen eta banderapean beti, noski… Bai, AEBetaz mintzo naiz… Eurek babestutako estatu kolpe zein diktadura faxisten, diseinaturiko eta piztutako gerren edo inbasioen zerrenda amaigabea da.

Zibilizazioaren, askatasunaren eta demokraziaren ikur bezala kontsideratuak, praktikan, une oro euren interes ekonomikoak jarraituz, behar den guztietan faxismoa hauspotuz, indartuz… Zenbat milioi errugaberen hilketaren erantzule dira? Noiz epaituko ditu norbaitek halako sarraskiak? Non dago nazioarteko komunitatea? Zergatik ixten ditugu begiak batzuen erasoen aurrean eta alerta piztu beste batzuen aurrean? Nolatan dute boteretsu gutxi batzuek hainbesteko inpunitatea?

“Giza Eskubideak etxetik hasi beharko lukete”, aipatzen zigun E. Galeanok El libro de los abrazos maisulanean. Eta faxismoarekin ere berdin gertatzen da: jarrera faxistak “etxetik” bertatik hasten dira. Eta “etxea” esatean, etxea bera, ikastetxea, herriko frontoia, lagunartea, lantokia… esan nahi dut.

Izan ere, jarrera faxistak aipatzean, urruneko zerbait irudikatzen dugu, svastika ikurrak dituen rapatu ultraeskuindar talde bat edota pelikuletan ikusitako historiako hainbat gertaera… Zoritxarrez, guk uste baino askoz gertuago ikusi ahal dugu faxismoaren itzala, guk nahi baino gertuagoko jendearen eskutik, ezkutuan edo eremu pribatuan izan arren. Oso gaztetatik suertatu izan zait halakoekin topo egitea. Gure herrian bertan. Eta aurten jazotako hainbat gertakari medio, oraindik ere errotuta jarraitzen dute batzuengan antzeko jarrerek…

Zure irribarre bat ikuste hutsak barrua jaten dietenak; euren helburua lortzeko gainontzekoak zapaltzeko prest daudenak; inbidiaren menpe bizi direnak; Vive y deja vivir leloa alderantziz aplikatzen dutenak, desberdina den oro umiliatzen dutenak, gehiengoa baliatuz, tropelaren babesean gutxiengoaren aurka egiten dutenak…

Adin desberdineko herritarrengan suma daitezke halako jokabideak. Erabiltzen dugun hiztegian ere antzeman daitezkeenak, normaltasun puntu bat hartzeraino: marikoia, bollera, marimacho, machupichu, moro, puto negro, perroflauta, guarra, muerto de hambre

Eta gizarte bezala, horixe da gerta dakigukeen okerrena. Jarrera faxistak pixkanaka bertan sustraitzea, zeharka bada ere onartzea, nolabait justifikatzea. Gure arbasoek gogor borrokatu zuten faxismoaren aurka, askok guda-zelaietan… Gu ezin gara hain eroso egon orain… Ezin dugu jokatu ezer pasako ez balitz bezala. Jarrera faxistak ezin ditugu normaltzat jo. Faxismoaren aurrean ezer ez egitea ez da konponbidea. Halako ekintzei aurre egin behar zaie. Eta ildo horretan, argi dago lan handia dugula aurretik. Eta zaila da, albo-kalteak ekarri ohi dituelako eta nortasun handia izatea eskatzen duelako. Baina ez dago beste biderik.

Behingoagatik, begiak estaltzeari utzi, “etxeko” ispiluaren aurrean jarri, eta mintza gaitezen faxismoaz.