argia.eus
INPRIMATU
Mintegi akademiko batek astindu ote dezake potentzien geoestrategia?
  • Tximeleta efektua deituaren bertsio eguneratua ematen du: unibertsitate-mintegi arrunt eta ziztrin samarra baino asko gehiago ez lirudikeenak belarri guztiak tentetu arazi ditu Asia Ekialdean, bereziki Japonian. Baita gugandik gertuago ere.

Mikel Aramendi 2024ko irailaren 24a

Egitatea, bere horretan, ezin arruntagoa litzateke: Txina ekialdeko Dalian portu-hiri handi eta historikoan diharduen Itsas Unibertsitateak “Ryukyu-ri buruzko ikerketa-zentroa” abian jartzea ebatzi bide du aurtengo ikasturtean. Eta, tenore horretan, hainbat aditurekin mintegi bat antolatu zuen irailaren hastapenean.

Non dagoen koska? Ryukyun, noski. Ez baita edonongo edozein bazter.

Japoniako hegoaldeeneko Kyushu irla handitik Taiwan ekialderaino, 1.000 kilometro eta gehiagoan luzatzen den ehun uharte baino gehiagoko ilara da Ryukyu uhartedia, japonieraz Nansei deitua. Guztien artean 4.700 kilometro koadro lur besterik bilbatzen ez badute ere, haien estrategikotasuna begien bistakoa da... batez ere Txinari Ozeano Barerako bidea itxi nahi bazaio.

Eta ez da inondik ere kasualitatea irla handiena eta nagusia, Okinawa, askoz ezagunagoa izatea alde horretatik: Tokiotik 1.500 kilometrora, baina Txinako kosta-ertzetik 600era, hamar bat mila marine estatubatuar bertan direla. Garai batean, baita arma nuklearrak ere; gaur egun, batek daki.

Horrek guztiak gardentzen du, hein batean, Txinan Ryukyuri buruzko ikerketa-zentro bat abian jartzeak sutu duen urduritasuna. Baina ez du askatzen korapilo guztia.

Japonian sorburua duten argibide-iturriak soilik erabilita ohartzea erraza ez bada ere, Ryukyu uhartedia Japonia izatea... bertako Erresuma XIX. mendearen azkenetan armen indarrez menderatu izanaren ondorioa da funtsean. 1895ean Japoniak Taiwan ere beretu zuenean burutu zuen Ryukyu uhartediaren menderakuntza... 1945ean AEBek lehengoratu nahi izan ez zutena, kasu horretan. Asko edo gutxi, hala ere, beti izan da bertan Japoniatik independentzia lortu eta estatubatuarrak etxera bidaltzearen aldeko herri-mugimendu bat.

Aurrekari horiei guztiei gehitzen badiegu “ikerketa-zentro” txinatarraren egoitza Dalian (garai batean, Mendebaldean, Port Arthur deitua) dela, nornahi jabetzen da akademiko-tasunetik askoz haragokoa dela egitasmoa. Hau da, Taiwanen txinatar-tasuna ezbaian jartzeak soka luzea ekar dezakeela. Historiak ertz asko dituelako han. Eta edonon, egiazki.

Japonia eta Txinaren arteko harremanak gaiztotzen ari dira etengabe alor politikoan, diplomatikoan, militarrean..., eta ezin esango da lehen aldia denik, edo AEBen bulkadaz denik soilik. Baina XIX. mendekoa ez bezalakoa da gaur egungo indar-korrelazioa.