argia.eus
INPRIMATU
Mingranondoa, alesagarra eta euskaldun fenizioak

Jakoba Errekondo 2021eko martxoaren 05a

Martxoak negua harrapatu, ostikopetu eta aurrean eraman du. Nire iritziz. Zenbait belagilek dio apirila arte ez dugula negua agurtuko eta, hori gogoan izanik, Urzainkiko Bedaginpiko mendi tontorrera igo eta marti-oilarrari deitzeko grina pizten zait: “Martiko oilarto gorria, izan zakinaz balia”. Oilarraren martxoko kantua gustuko ez ditugun etsaien eta izpirituen aurkakoa omen da, udaberrizaleontzako zinginarri ona.

Neguak berarekin eraman ohi dituen mingranak (Punica granatum), uda amaieran hasi eta oraintsu arte izaten dira. Eta oraingoan ere penetan, haien zale sutsua bainaiz. Haien ura edo muztioa bezalakorik ez dut ezagutzen; aspaldi batean Istanbulen dastatu nuen, eta ezin ahantzi, izan ere ahosabai ero honek nora eramaten nauen... Ahal dudanero etxean egiten dut. Niretzat gozoena Errezil sagarrarekin (Malus domestica “Errezil”) eta jengibrearekin (Zingiber officinalis) egindako muztio nahasketa da: pizgarria, suspertzailea eta biziberritzailea. Ez dago horrelako Euskalkolarik!

Milaka urte daramagu bera lantzen. Erabat asiarra zen hasieran, Iran eta Himalaia artekoa, baina dagoeneko munduko edozein bazterretan topatuko duzu mingranondoa. Punica generoaren izena kultura feniziar edo punikotik dator; antzinako merkatari iaioek, mingranondoa eta bere fruituak Feniziatik Erroman sartu zituzten. Granatum espeziearen izenak alez betetako fruitua esan nahi du, arabiarrek Al-Andalusen sartzeak eta landatzeak Granada hiri ederrari eman zion izena, Granadako erresumaren irudi bihurtuz. Granatum horretatik datorkio beste euskal izen bat: alesagarra, alez betetako sagarra edo fruta, alegia. Mingrana ere milgranatik letorke...

Etxeko fruta da Asia aldeko kultura gehienetan; emankortasuna, maitasuna eta haurridetasuna adierazten ditu. Sinbolo oso ezaguna da ospakizunetan, apaizen soinekoetan bezala ezkontzetako oparietan. Aldareetan ez dakit baina etxean izugarrizko mirariak egiten ditu. Sona izugarria du sendagai bezala: hesteetako zizareak libratzeko, anemiari buelta emateko, kemena eta bizitasuna sustatzeko, eztula eta sabeleko minak atzeratzeko... Minbiziari aurre egiten ote dion ere esaten dute orain. Bi erabilera bitxi ere baditu: frutaren azalaren ura koloratzaile naturala da, eta azal hori bera erre eta sortutako “ikatza” hortzak zuritzeko gaia.

Niri mingrana-mistela edo punisagardoa gustatzen zait. Egin nahi baduzu hona bidea: hartu kilo eta erdi mingrana ale garbi, eta jarri 750 cl brandy edo uxuala lehorretan kanela (Cinnamomum verum) zotz puska batekin. Bizpairu egunez maiz astindu. Ondoren, iragazi zapi sarri batean, eta kendu zukua aleei. Litro bete uretan, nahasi kilo erdi azukre, behar izanez gero berotuz. Dena batu eta botilaratu. Horra punisagardoa. Izen polita ez al da ba? Euskaldunok punikotik, feniziotik ere badugun seinale?