Mingainak astindu ditu Iruñeak

  • Inoiz baino jende gehiago bildu da Iruñerriko III. Mintzodromoan. 180 pertsona inguru aritu dira euskara praktikatzen eta sare euskalduna zabaltzen.

Xedea da ezezagunekin elkartzea jende gehiago ezagutzeko. Argazkia: Olaia L. Garaialde

2024ko apirilaren 26an - 09:50

Jendez lepo dago Iruñeko autobus geltoki zaharra. Albo batean haurrak jolasean dabiltza. Bestean, jendea pilatuta eta aulki eta mahi ugari hutsik. “Iruñerriko III. Mintzodromoa hastear da”, esan du bozgorailuetatik Reyes Ilintxeta kazetariak. Iruñerriko AEK euskaltegiak, Iruñerriko IKA euskaltegiak, Iruñeko Hizkuntza Eskola Ofizialak, Zubiarte euskaltegi publikoak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta mintza praktikari ekin diote euskara ikasleek, euskaldunek eta euskaltzaleek.

Mintzodromoaren helburua da euskara praktikatzea, sare euskalduna zabaltzea, euskaraz mintzatzeko lotsa galtzea eta beste. Horretarako, launaka eseri eta hiru gaien bueltan mintzatu dira. Ordubete izan dute euskaraz, lanaz eta kontsumo ereduez mintzatzeko; hogei minutu gai bakoitzeko. Horretarako, gai bakoitzaren inguruko zenbait galdera izan dituzte; hala nola “Noiz eta nola sentitzen zara erosoen euskaraz?”, “Telelanaren abantailak eta desabantailak” eta “Behar duguna baino gehiago erosten dugu?”.

Eztabaida handirik ez pizteko, “oso gatazkatsuak ez diren gaiak” aukeratu dituztela azaldu du Euskaltzaleen Topaguneko Emma Arrizabalagak. Horrez gain, “errazak” izatea nahi zuten, euskara maila askotariko jendea dagoelako. Hala ere, parte hartzeko gutxieneko maila B1 da. “Kontsumo ereduak igual zailena izan daiteke hiztegi bereziagoa izan dezakeelako”, azaldu du.

Parte hartzen ari direnez gain, jolasten ari diren haur eta heldu batzuk ere hurbildu dira kuxkuxeatzera. “Kaixo! Barkatu, zer… qué es esto?”, galdetu du batek . “Euskara praktikatzeko ariketa bat”, erantzun diote. “Oraindik gutxi dakit, baina aurrerago…”. Arrizabalagarengana ere hurbildu dira haurrak galdezka. “Oso ongi dago, haur eta familia asko dagoelako. Ongi egonen zen ere kalean egitea, eta hortik pasatzen den jendeak ikustea”, esan du.

Bakoitza bere tokian dagoelarik, aulki dantza hasi da. Gai berri bat hasten den bakoitzean lekuz aldatu behar dira. Xedea da ezezagunekin elkartzea jende gehiago ezagutzeko. Batzuk urduri eta beste batzuk gogoz. Ainhoa, parte-hartzaileetako bat, “oso urduri” esnatu da: “Jende gehiago ezagutu nahi dut. Asko kostatzen zait, baina euskara praktikatu nahi dut”. Batzuk azkar mintzatzen dira, beste batzuk motel, eta elkarri laguntza eskatzen diote. “Nola esaten da electricista euskaraz?”, galdetu du batek. “Elektrikari”, erantzun du besteak.

Mintzatzeko grina

Inoizko parte-hartze handiena izan da: iaz, 100 lagun inguru izan ziren eta aurten 180 inguru. “Ez dakit oso ongi zergatik izan den, izan daiteke apirilean jendea animatuago egotea uda hurbilago ikusten dutelako edo duela gutxi Korrika izan denez jendeari euskaraz hitz egiteko gogoa piztu zaiola”, esan du Arrizabalagak.

Aurten ere, iaz bezala zenbait gonbidatu “berezi” izan dituzte; hala nola Demode Quartet taldeko Iker Huitzi eta Joli Pascualena, eta Jagoba Arrasate Osasuna futbol taldeko entrenatzailea. Laba sarean eta Karrikiri dendan gastatzeko bonuak, Demode Quartet taldeko diskoak eta beste zozketatu dituzte. “Solasean edo abesten, euskaraz beti ongi”, esan du Pascualenak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara
2024-05-17 | ARGIA
Auzitegi Gorenak ez du onartu tramitera Gipuzkoako Aldundiak Uliazpiko hizkuntz eskakizunen harira jarritako helegitea

2023ko otsailean EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak balio gabe utzi zuen Uliazpi Fundazioko 34 zaintzaileren lan deialdirako hizkuntz eskakizuna. Fundazioko langile batzordeak eta Foru Aldundiak sententzia salatu zuten. Euskalgintzaren Kontseiluak adierazi du oldarraldi judizialak... [+]


Haur eskolak euskaraz eskatu ditu berriz ere Iruñeko Euskalgintzak

Ehunka lagun atera ziren ostegun honetako arratsaldean Sarasate Pasealekutik eta manifestazioa egin zuten Iruñeko Udal Plazaraino, eskatzeko udalari hiriko haur eskoletan euskaraz ikasteko eskubidea izatea lehentasunen artean jar dezala. "Haur eskolak euskaraz: eman... [+]


Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


Hizkuntza politika "sendoak" eskatu dizkie euskalgintzak instituzioei

Baionan egin dute agerraldia euskalgintzako 25 bat eragilek maiatzaren 15 honetan. Erakunde publikoen interpelazioaz gain, datorren urteko maiatzaren 15etik 25era iraganen den Euskaraldiaren berri emateko unea ere izan da.


Eguneraketa berriak daude