argia.eus
INPRIMATU
Mineralen erauzketa laukoiztu egin beharko litzateke auto elektrikoen eta eolikoen eskaria asetzeko
  • Energiaren Nazioarteko Agentziak egindako txosten baten arabera energia berriztagarrien bidez planetaren berotze globala 1,5 gradura mugatzeko helburua lortzeko, kobrea, nikela, litioa eta kobaltoaren ekoizpena 2030 urtean ia lau aldiz handitu beharko litzateke.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko uztailaren 12a

Mineralen erauzketa bizkortu beharko litzatekeela, hori da Energiaren Nazioarteko Agentziak (IEA) mineral kritikoen merkatuaren inguruko bere azken azterketatik atera duen ondorioetako bat.

Baina erakundeak aitortu du gaur egun dauden eta abiatuko diren meatzeak esplotatzen badira, gehienez ere erauzketa bikoiztu egin daitekeela, eta "trantsizio energetiko" deitu dioten hori gauzatzeko –batez ere auto elektrikoei eta eolikoei bultzada emanda egin nahi dena– beharrezkoa litzatekeela produkzioa laukoiztea (3,5 aldiz baino gehiago). Gaur gaurkoz munduan ez dago beraz nahikoa mineralik "berriztagarrientzako" baterien ekoizpena asetzeko.

Azkeneko bost urteetan litioaren eskaria hirukoiztu egin da, kobaltoarenak %70 egin du gora eta nikelarenak %40, eta hori batez ere auto elektrikoen, eolikoen eta fotovoltaikoen gorakadarengatik izan dela dio IEAk. Ondorioz, mineral horien prezioak ere asko igo dira.

Mineral horien tona bakoitza tratatzeak sorturiko negutegi-efektuko gasak ez dira gutxitu, eta hortaz biderkatu egin dira erauzketaren gas isuriak

Fatih Birol IEAko zuzendari exekutiboak, gainera, kezka azaldu du erauzketa horrek sor ditzakeen ingurumen kalteengatik. Mineral horien tona bakoitza tratatzeak sorturiko negutegi-efektuko gasak ez dira gutxitu, eta hortaz biderkatu egin dira erauzketaren gas isuriak. Horrek hare urrunago jartzen du berotze globala 1,5 gradutara mugatzeko helburua.

Bestetik, mineralak herrialde gutxi batzuen "monopolio" direla ere gogorarazi du Birolek, eta batez ere Txina jarri du jo puntuan. Kobrearen %40, litioaren %60 eta kobaltoaren %75 errialde horretan prozesatzen da.

Disprosioa falta da turbinak eta bateriak egiteko

IEA ez da erakunde bakarra izan mineralen gabeziaz ohartarazten azkenaldian. Mundu mailan ezaguna den McKinsey aholkularitza multinazional estatubatuarrak ere alarma jo du.

Azaldu duenez, botila-lepoak sortzen ari dira, mineralen ekoizpena agortzen ari delako. Besteak beste, nikelaren erauzketa 2030eko eskaria baino %20 gutxiago izango dela aurreikusi du McKinseyk, litiozko bateriak egiteko funtsezkoa dena.

Baina batez ere disprosioa deituriko lur arraroen faltan jarri du arreta multinazionalak. Material magnetiko hori auto elektrikoen bateriak eta turbinak egiteko erabiltzen da, eta bere hornidura %70 murrizteko "arriskua" dagoela adierazi du. "Honek erakusten du material gutxi batzuetan sorturiko botila-lepoek atzeratu dezaketela karbono baxuagoko industria ugariren garapena, eta emisio gutxiagoko trantsizioa atzeratu", azaldu du.